Politika -
Elkarrizketa
Rufi Etxeberria: 'Ezker abertzalearen helburua bakea eraikitzea da'
Horrez gain, Kongresuko akordioa nahikoa ez dela, presoak dauden bitartean "ETA agenda politikoan" egongo dela eta polo soberanista indartzeko eta zabaltzeko lanean ari direla adierazi du.
M. Uriarte
Ezker abertzaleak bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko adierazpena egingo du igande honetan Donostiako Kursaal Jauregian.
Radio Euskadin gaur egindako elkarrizketa batean, Rufi Etxeberriak nabarmendu du ezker abertzalearen helburua "bakea eraikitzea" dela. Ildo horretan, ezker abertzaleak bere hausnarketak eta erabakiak publiko egiten bi urte daramatzala gogoratu du eta igandeko ekitaldian "bake agertoki batera heltzeko" adierazpen berriak egingo dituztela iragarri du.
Adierazpen horretan biktimei aipamen berezirik egingo ote zaien galdetuta, Etxeberriak esan du "gatazkaren ondorioei" helduko diola ezker abertzaleak, eta, ondorioz, ETAren biktimen inguruan ere hitz egingo dutela. "Ez gara ezkutatzen eta ETAk eragindako sufrimendua aintzat hartzen dugu, baina aurrera egiteko ezinbestekoa da estatuek eta gainerako indar politiko guztiek ere beste indarkeria batzuek eragin duten oinazea aitortzea", adierazi du.
Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko biktimak aintzat hartzeko adostu duen dekretua nahikoa ez dela iritzi dio, hamar urteko epean (1968-1978) izandako giza eskubideen urraketak bakarrik hartzen dituelako kontuan.
Kongresuko akordioa
Bestalde, Rufi Etxeberriak uste du Diputatuen Kongresuan atzo talde parlamentario gehienek lortutako hitzarmena nahikoa ez dela, "konponbide politiko baterako ibilbide-orri bat proposatzen ez duelako".
Gainera, "akordio horrek euskal gatazkaren oinarrian arazo politikoa dagoela erakutsi du eta, ondorioz, konponbideak ere politikoa izan behar duela agerian geratu da", azpimarratu du.
EAJk hitzarmen hori babestu izana deitoratu du, Amaiur zokoratu duelako. "Iñigo Urkulluk sarritan esan du inor alboratuko ez duen akordioen alde egingo duela beti EAJk, baina ez dute esandakoa bete", kritikatu du.
Koalizio zabala
Rufi Etxeberriak baieztatu du ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar eta Alternatiba elkarlanean ari direla polo soberanista deitutakoa indartzeko asmoz.
"Hauteskundeetatik harago joango den estrategia komun bat sortzeko lanean ari gara. Euskal Herrian aldaketa politikoa eta soziala zuzenduko duen subjektu nazionala sortu nahi dugu", azaldu du.
Bere hitzetan, koalizio horren oinarriak behin betiko bakea lortzea eta Euskal Herriaren subiranotasuna eta lurraldetasunaren aitortza izango dira.
Presoak eta armen entregatzea
Amaitzeko, Rufi Etxeberriak nabarmendu du ETA presoek espetxean jarraitzen duten artean, "erakunde armatua agenda politikoan" egongo dela.
"Gatazkaren ondorioak desagertzen direnean, presoak kartzelatik ateratzean, adibidez, orduan desagertuko da ETA euskal errealitatetik", azaldu du. ETAko presoen auziari konponbide "kolektiboa" eman behar zaiola esan du eta bi fasetan egin beharko litzatekeela zehaztu du. Lehendabiziko fasean, "gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratu eta gainerako presoak Euskal Herrian bildu beharko lirateke; bigarren fasean, berriz, presoen etxeratzea gauzatu beharko litzateke". ETAren armen entregatzeari dagokionez, Irlandan egindakoa proposatu du: "elkarrizketaren bidez eta modu adostu batean egitea, nazioarteko begiraleak lekuko direla".