Itxi

2021/10/04

12:12

Politika

Katalunia

Puigdemonten estradizioari buruzko lehenengo auzi-saioa egingo dute astelehen honetan Sardinian

agentziak | eitb media

Generalitatearen presidente ohia "etxeko lanak eginda" iritsiko omen da auzitegian deklaratzera, irailaren 23an atxilotua izan eta ordu batzuetara aske geratu ostean.

0:56
Carles Puigdemonten iritsiera
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak adierazi du "etxeko lanak eginda" iritsiko dela Sardiniako auzitegian deklaratzera.

Puigdemont irailaren 23an atxilotu zuten Italiako uhartean, baina libre geratu zen ordu batzuetara, eta orain epaile batek erabaki beharko du Espainiako agintarien esku uzten duen ala ez.

Sassariko Apelazio Auzitegian deklaratuko du presidente ohiak Espainiara estraditatzeari buruzko lehenengo auzi saioan, baina ez da espero berehalako erantzunik jasotzea.

Gonzalo Boye eta Agostinangelo Marras Puigdemonten abokatuek adierazi dute erabakia ez dela izango berehalakoa, hau da, ez dela laster jakingo L'Alguerrera iritsi zenean atxiloketa eragin zuen euroaginduaren prozesuak aurrera jarraituko duen ala ez.

Puigdemont igande honetan iritsi da Sardiniari Belgikatik, bizi den herrialdetik, Boye abokatuarekin batera. Sardinian abokatu italiarrarekin elkartuko dira Salvatore Marinaro epailea buru duen auzitegiko saioa prestatzeko.

Horrez gain, Toni Comin eurodiputatua (presidente ohiarekin joan dena) eta Clara Ponsati (Sardian zegoen) ere daude jada Italiako uhartean.

Astelehen honetako saioa 11:00etan hasiko da, baina "segurtasun arrazoiengatik", presidente ohiak ez du adierazpenik egingo, ez sarreran ez irteeran. Hala ere, prentsaurrekoa deitu du 18:30erako L'Alguerren.

Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratua ari da Puigdemonten aurkako auzia zuzentzen, eta azken orduotan Espainiaratzea eskatzeko eskaera bat helarazi dio Italiako auzitegiari, euroagindua indarrean dagoela eta immunitaterik ez duela iritzita.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;