Itxi

2021/10/07

12:48

Politika

ERIZAINTZAKO LEP-KOA

Erizaintzako Lan Eskaintza Publikoan euskara baloratzea eskatu du Geroa Baik: "Ezin da beldurrez gobernatu"

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Jabi Arakama Geroa Baiko parlamentariak diskriminazio horrekin amaitzeko borondate politiko falta leporatu dio Alderdi Sozialistari. Remirez presidenteordeak erabakiak "segurtasun juridikoan" oinarrituta hartu behar direla dio.

1:0
Javier Remirez eta Maria Chivite. Argazkia: EFE.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Jabi Arakama Geroa Baiko parlamentariak Erizaintzako Lan Eskaintza Publikoan euskararen ezagutza meritu gisa baloratzea eskatu dio, beste behin, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Funtzio Publiko eta Barne kontseilariari. "Ezin da beldurrez gobernatu", adierazi du. Joan den astean onartu zen deialdia, eta 424 lanpostu eskainiko dira.

Nafarroako Parlamentuan ostegun honetan egin duten osoko bilkuran, Geroa Baik deialdi hori berregitea eskatu du; izan ere, euskara ez da merezimendu gisa hartzen, nahiz eta eremu mistoko lanpostuak izan, eta beste hizkuntza batzuk, berriz, kontuan hartzen dira, frantsesa eta ingelesa kasu. "Ezin da beldurrez gobernatu, milaka nafarren hizkuntza eta lan eskubideen gainetik igaroz", adierazi du Arakamak.

Gauzak horrela, Geroa Baiko parlamentariak diskriminazio horrekin amaitzeko borondate politiko falta leporatu dio Alderdi Sozialistari. "Badakigu laster deialdi masiboak aterako direla eta Gero Baik irmo jarraituko du guztietan euskara duintasunez baloratzeko eskatzen", gaineratu du.

Geroa Bairen hitzen aurrean, Javier Remirez presidenteordeak esan du, atzo egin zuen bezala, aurreko legealdian Geroa Baik egindako arau-aldaketek eman ziotela amaiera eredu "orekatu" bati, eta horrek eragin dituela egungo zailtasunak.

Halaber, beste behin defendatu du, hartzen den edozein erabaki "segurtasun juridikoa" kontuan hartuta hartu behar dela, eta zalantzan jarri du hori posible ote den martxan dagoen LEP bat aldatuta.

Erizaintzako Lan Eskaintza Publikoan euskara ez baloratzeak zalaparta sortu du Nafarroako Gobernuan azken astean. Podemosek, I-Ek eta EH Bilduk bat egin dute Geroa Bairen eskaerarekin, deialdia berriz formulatzeko eta euskara meritua izateko eskatu dute. Sozialistek eta Navarra Sumak, berriz, ez dute ekimena babestu.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;