Politika -
PPren erantzuna
PP: 'Ezker abertzalea ez da aldatu, hizkuntza manipulatzen du soilik'
Leopoldo Barredaren ustez, ezker abertzalearen adierazpena " ez da nahikoa", "ez baitu ETArekin behin betiko hausten".
Erredakzioa
Leopoldo Barreda PPko diputatuaren ustez, Donostian ezker abertzaleak aurkeztu duen dokumentuan "ez dago aldaketarik", eta "soilik hizkuntzaren manipulazioa" dagoela esan du.
Dokumentu osoa irakurtzea beharrezkoa dela uste du Barredak "testuingurutik esaldi bat ez ateratzeko", eta gaur ezker abertzaleak egin duen adierazpena "ez da nahikoa" Barredarentzat, "ez duelako ETArekin behin betiko hausten".
Bere iritziz, "jarrera aldaketa ETAri desagertzeko eskatzea" izango litzateke, "eragindako minaren ardura hartu, justiziarekin lan egin eta erakundeen legitimazioa onartu".
Gainera, testuan "ETA demokratekin eta ETAko biktimak ez dakit zein kolektibo edo taldekoekin" parekatzen direla kritikatu du. "ETA eztabaidaren erdian jarri nahi dute, desegitea eskatu beharrean".