Politika -

Memoria Historikoa

Lemoatxako gurutze frankista eraitsi du Ernaik

Ezker abertzalearen gazte erakundeak sinbolo frankistak ezabatuz abiatu ditu Hispanitatearen Eguna salatzeko mobilizazioak. "Espainiar faxismoarekin eta 78ko erregimenarekin hausteko" deia egin dute.

Lemoatxako gurutze frankista, eraitsita. Argazkia: Ernai
Lemoatxako gurutze frankista, eraitsita. Argazkia: Ernai
Lemoatxako gurutze frankista, eraitsita. Argazkia: Ernai

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lemoatxako gurutze frankista behera bota du Ernaik, sare sozialetan zabaldu duen bideo batean ikus daitekeenez. Ezker abertzalearen gazte erakundeak mobilizazioak egingo ditu urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, "Espainiar faxismoarekin eta 78ko erregimenarekin hautsiz, gazteok independentzia!" lelopean.

Bezperan, Lemoako puntu ezberdinetatik ikus zitekeen 10 metroko gurutze frankista eraitsi dute Lemoatxan. 1936ko gerran hil ziren soldadu frankisten omenez eraikitako monumentua botatzeko mailu pneumatikoak, rotaflex-a eta poleak erabili behar izan dituzte.

Bideoarekin baterako zabaldutako mezuan, ondokoa adierazi dute: "Egun, faxismoaren eta eskuin muturraren gorakada bete-betean, eta 78ko erregimena krisi politiko sakonean dagoen honetan, inoiz baino gehiago dagokigu faxismoaren eta 78ko erregimenaren aurka borrokatzea. Memoria ardatz dugulako eta bestelako Euskal Herri bat nahi eta behar dugulako belaunaldi berriok: antifaxista, askea, feminista, burujabea, euskalduna eta langile eta herritarron bizitzak erdigunean jarriko dituen errotiko eraldaketa sozialean oinarritzen dena."

"Gazteok eguneroko borrokan lerratzen gara. Gaur ikur frankistak Euskal Herritik ezabatuz. Eta bihar, Espainiar kolonialismoaren, faxismoaren eta 78ko erregimenaren sinboloa den Hispanitatearen egunean, Euskal Herri osoan zehar kaleak hartuz", erantsi dute mobilizazioetan parte hartzeko dei eginez.

Lemoako Udalak 2013an adostu zuen, Bilduren eta EAJren aldeko botoekin, udalerriko ikur frankistak hurrengo urtean kentzea, tartean Lemoatxako gurutzea. Alabaina, hitzartutakoa ez zen gauzatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Bizkaia Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Lemoa Memoria Historikoa