Politika -

Epaiketa

Jurdan Martitegik 'kale borroka' delituak aitortu, eta bi urte eta sei hilabeteko zigorra onartu du

Martitegiren defentsak eta Fiskaltzak idazki bateratu bat aurkeztu dute; bertan, gertakarietan parte hartu izana aitortu du auzipetuak. ETAko presoa sufragio pasiborako gaitasungabetu dute eta kalte-ordainak eman beharko dizkie kaltetuei.

Audientzia Nazionaleko fatxada, Madrilen. EFE
Audientzia Nazionaleko fatxada, Madrilen. EFE
Audientzia Nazionaleko fatxada, Madrilen. EFE

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalean asteon izan duen epaieketan, Jurdan Martitegi ETAko presoak bi urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra onartu du asteazken honetan, 2000ko irailean Galdakaoko jaietan 'kale borroka' ekintzetan parte hartu zuela onartu ostean.

Martitegiren defentsak eta Fiskaltzak idazki bateratu bat aurkeztu dute. Hala, bi urteko kartzela-zigorra onartu du kalteen delitu jarraitu batengatik, eta sei hilabetekoa desordena publikoen delituagatik.

Bestalde, Martitegi sufragio pasiborako gaitasungabetu dute, epaiketako kostuak ordaindu beharko ditu eta, kalte-ordaina ordaindu beharko du, modu solidario eta bateratuan, gainerako zigortuekin batera.

Izan ere duela 13 urte Auzitegi Nazionalak beste bost lagun zigortu zituen gertakari berberengatik. Orduan, epaimahaiak frogatutzat jo zuen mazoak, makilak eta lehergailuak erabiliz kalteak eragin zituztela Galdakaoko kale nagusian. Aitzitik, beste bederatzi pertsona absolbitu egin zituen.

Martitegi bi asteko epean bigarren aldiz eseri da akusatuen aulkian. Iraileko azken astean egindako saioan, Fiskaltzaren akordioa lortu eta sei urteko espetxe zigorra onartu zuen. Halaber, 415.489,75 euroko kalte-ordaina eman beharko dio eraikinaren jabeari, kalteak ordaintzeko.

Jurdan Martitegi 2009ko apirilean atxilotu zuten Perpinyà hirian, ETAko kide izatea egotzita, eta preso dago ordutik. 2013an Frantziako Justiziak 16 urteko zigorra jarri zion. Espainiaratu ostean, Auzitegi Nazionalak 139 urteko zigorra ezarri zion Calahorrako Guardia Zibilaren kuartelaren kontrako atentatu batengatik. 

Gaur egun, Gipuzkoako espetxean ari da zigorra betetzen, Martutenen, berriki Madrilgo Soto del Real kartzelatik lekualdatu baitute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Galdakao Bizkaia Delituak Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak