Politika -

Barne-hauteskundeak

Eneko Andueza eta Soraya Morla, PSE-EEko idazkari nagusia izateko lehian

Eneko Andueza eta Soraya Morla, PSE-EEko idazkari nagusia izateko lehian. Alderditik bere irudiari "kalte egin" diotela salatu du Morlak. "Prozesu atsegin eta garbi bat espero genuen, baina ez da atsegina izan", erantsi du. PSE-EEren antolakuntza "guztiz partziala" izan dela uste du.

Soraya Morla Basauriko zinegotzi ohia. Argazkia: EFE
Soraya Morla Basauriko zinegotzi ohia. Argazkia: EFE
Soraya Morla Basauriko zinegotzi ohia. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza Legebiltzarreko bozeramailea eta Soraya Morla Basauriko zinegotzi ohia lehiatuko dira PSE-EEko barne-hauteskundeetan. Hauteskundeetako Berme Batzordeak behin-behineko hautagai izendatu ditu, aurkeztu beharreko 101 abalak gainditu ondoren.

Anduezaren eta Morlaren abalak behin-behinean onartu ditu PSE-EEko organoak. Morlak 118 babes aurkeztu ditu asteazken honetan, epea agortzear zela.

Alderditik bere irudiari "kalte egin" diotela salatu du Morlak. Abalak biltzeko lehen astean, "hiru edo lau egun igarota", dagoeneko babes "nahikoak" zituela azaldu du hautagaiak, baina sinatzaile batzuek "atzera bota" zituzten biharamunean.

"Arrazoia ez dakigu. Prozesu atsegin eta garbi bat espero genuen, baina ez da atsegina izan, eta garbia, nik ez dut esan behar, baina dagokion lekuan egin beharrekoa egingo dugu", iragarri du.

Morla: "Prozesu atsegin eta garbi bat espero genuen, baina ez da atsegina izan"

"Nitaz hitz eginez audioak eta oharrak daude", salatu du. Horrek "maila pertsonalean kalte egiten dizu", eta senideei zein lagunei eragiten die, gaineratu duenez.

Alderdiaren antolakuntza "guztiz partziala" izan dela uste du. "Ez dago zertan beste hautagai baten irudiari kalte egin beharrik, eta hori gertatu da", aurpegiratu du.

Bestalde, beharrezko babesak zituela iragarri zuen Anduezak irailaren 29an (militanteen % 2). Alderdi barruan babesik handiena Anduezak izango luke.

Urriaren 17an behin-betiko hautagaitzak bihurtuko dira, helegiteak aurkezteko eta ebazteko epea amaitzen denean. Elkarte sozialistak informatzeko kanpaina urriaren 18tik 29ra izango da; eta hauteskunde eguna urriaren 30ean, modu presentzialean.

Idoia Mendia idazkari nagusia ordezkatzeko Euskadiko sozialisten IX. Kongresua azaroaren 20an eta 21ean egingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi politikoak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Eneko Andueza