Politika -

Diputatuen Kongresua

Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk 'ezkutu sozialeko' neurriak luzatzea adostu dute

Transakzio-zuzenketa adostu dute PSOEk, Unidas Podemosek eta EH Bilduk. "Izaera iraunkorreko beste mekanismo batzuk hartu arte" neurriak luzatzea eskatu diote Exekutiboari.

Oskar Matute EH Bilduko bozeramaile ekonomikoa. Argazkia: EH Bildu
Oskar Matute EH Bilduko bozeramaile ekonomikoa. Argazkia: EH Bildu
Oskar Matute EH Bilduko bozeramaile ekonomikoa. Argazkia: EH Bildu

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koalizioa Gobernua osatzen duten indar politikoak, PSOE eta Unidas Podemos, EH Bildurekin akordio batera iritsi dira Diputatuen Kongresuan, 'ezkutu sozialeko' neurriak "beste mekanismo iraunkor batzuk hartu arte" luzatzeko.

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du, etxegabetzeak eta energia zein ura moztea debekatzeko eta alokairuaren ordainketa aldi baterako atzeratzeko aukera ematen duten neurriak iraunkor bihurtzea eskatzeko.

Azkenean, transakzio-zuzenketa adostu dute PSOEk, Unidas Podemosek eta EH Bilduk. "Inguruabarrak tarteko, beharrezkoa den bitartean, eta izaera iraunkorreko beste mekanismo batzuk hartu arte" neurriak luzatzea eskatu diote Exekutiboari.

Ekimena defendatzeko orduan, Oskar Matute EH Bilduko bozeramaile ekonomikoak azaldu duenez, Espainiak % 21eko pobrezia tasarekin amaitu zuen 2020, baina 1995tik tasa ez da % 18 jaitsi, ezta hazkunde ekonomikoaren urterik onenetan ere.

Maute: "Igogailu soziala existitzen da, eta jaisteko erabiltzen da soilik"

Argudiatu duenez, hazkunde handiago batek "ez du zertan ongizate handiagoa" suposatu behar. Horregatik, babes neurri iraunkorrak beharrezkoak direla uste du, babes sistema "osatugabea eta nahikoa ez" delako. "Igogailu soziala existitzen da, eta jaisteko erabiltzen da soilik", deitoratu du Matutek.

Sonia Guerra PSOEko diputatuak familia zaurgarrienen babesa bermatzeko Gobernuaren konpromisoa azpimarratu du, eta dagoeneko aurrekontuek gutxieneko hornidura bat aurreikusten dutela defendatu du: bono soziala.

Bestalde, Pilar Garrido Unidas Podemoseko ordezkariak 'ezkutu sozialaren' gabeziak onartu ditu, baina "beharrezkoak diren bitartean" neurriak luzatzea aldarrikatu du, eskubideen bermean aurrera egiteko, Etxebizitza Legea bezalakoen bidez esaterako.

Azkenik, PPk, Voxek eta UPNk ETA izan dute hizpide, eta EH Bildurekin lotzen saiatu dira, nahiz eta erakunde armatuak duela hamar urte indarkeria uzteko erabakia hartu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainiako Gobernua Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak