Politika -

Auzitegi Nazionala

23 urteko espetxe zigorra Landabururen aurkako atentatuagatik

Oskarbi Jauregiri eta Patxi Xabier Macazaga Azurmendiri 23 urteko espetxe zigorra ezarri diete, 2001. urtean Gorka Landabururi lehergailu bat bidaltzeagatik.

Gorka Landaburu kazetaria. Argazkia: EITB
Gorka Landaburu kazetaria. Argazkia: EITB
Gorka Landaburu kazetaria. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 23 urteko espetxe zigorra jarri die Oskarbi Jauregi eta Patxi Xabier Macazaga Azurmendi ETAko kideei, 2011. urtean Gorka Landaburu kazetariari bonba liburu bat bidaltzeagatik. Erasoaren ondorioz, behatz bat gabe gelditu zen eta aurpegian hainbat zauri jasan zituen.

Gai penaletarako 3 zenbakiko aretoak eman du epaia eta biktimari, gainera, 600.000 euroko kalte-ordaina emateko agindu du, kazetaria hiltzeko saiakeragatik eta lehergailuak izateagatik.

ETAko bi kideak 2001eko abuztuaren 22an Ertzaintzaren operazio batek desegin zuen "Buruntza" taldeko kide zirela ondorioztatu du Auzitegiak.

Talde honetako bi kideek Zizurkilen alokatutako etxebizitza bat erabiltzen omen zuten atentatuak prestatzeko, izan ere, bertan, hainbat arma eta lehergailu atzeman zituzten.

ETAko bi kide hauek, Ainhoa Mugika "Laia"rekin batera, Landaburu hiltzea erabaki zuten, eta, haren atzetik ibili ostean, lehergailu bat liburu baten barruan ezkutatuta bidaltzea erabaki zuten. Gutun-azal batean sartu zuten "Norte Mail, S.L." frankeoarekin.

Maiatzaren 14an, kazetariaren bizkartzainak jaso zuen, baina ez hark, ezta Landaburuk ere, ez zuten ezer susmatu, askotan jasotzen zuen aldizkari baten logotipoa zuelako.

Egun bat geroago, Landaburuk gutun-azala ireki zuen, etxeko bulegoan, eta lehertu egin zitzaion. Horren ondorioz, atzamar bat galdu zuen eta aurpegian, sabelean eta begietan zauriak jasan zituen; bost ebakuntza egin behar izan dizkiote.

Gainera, etxebizitzan 6.542 euroko kalteak eragin zituen leherketak, eta ondoan zegoen ibilgailu batek ere kalteak izan zituen.

"Zoriak soilik ekidin zuen Landabururen heriotza", adierazi dute epaileek.

Bost urteko kartzela zigorra, Sestaon atentatua egin zuten 'Otazua' taldeko kideentzat

Auzitegi Nazionalak, bestalde, bost urteko kartzela zigorra ezarri die Daniel Pastor "Txirula", Iñigo Zapirain "Aritza" eta Beatriz Etxebarria "Kot" Otazua taldeko kideei, 2007an Sestaon (Bizkaia) lehergailua jartzeagatik. Epaitegi aurrean jarritako lehergailuak 64.003,69 euroko kalteak egin zituen.

Auzitegiak frogatutzat jo du hiru kideek lehergailua egiten parte hartu zutela. Era berean, frogatutzat jo du beraiek jarri zutela Sestaoko auzitegietako atean, 2007ko abenduaren 16an, ''kalte larriak egiteko''.Zapirainek bere buruari errua egotzita egin zuen lehen deklarazioan oinarritu dira hori frogatutzat emateko, eta baztertu egin dute ondoren akusatuek tratu txarrak eta torturak salatzeko egindako salaketa. Epaiak, dena den, Ramon Saez Valcarcel epailearen boto partikularra izan du, erabakiarekin bat egiten ez duelako. Saez Valcarcelek uste du ez dagoela parte-hartzea frogatzen duen froga baliodunik, bere iritzian ezin baita onartu Zapirainen aitorpena, ''atxilotu eta inkomunikatuta egon ondoren torturak salatuta aurretik egindako adierazpena ezeztatu zuelako''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea