Politika -
PSNren XII. Kongresua
Chivitek indartu egin du bere lidergoa PSNn
Nafarroako presidenteak "barne batasuna, proiektua eta akordiorako gaitasuna" aipatu ditu bere ekintza politikorako oinarri gisa.
agentziak | eitb media
Maria Chivitek PSNn duen lidergoa indartu du Iruñean alderdiak egin duen XII. Kongresuan. Militanteen % 97,22k eman dio babesa Nafarroako presidentearen exekutibari, eta agintari federalen babesa ere jaso du.
Chivite zen idazkari nagusi izateko hautagai bakarra, eta Nafarroako koalizio Gobernuaren presidente gisa iritsi da Kongresura, PSNk, Geroa Baik eta Podemosek osatzen duten koalizioa zuzentzeko gaitasuna erakutsiz.
Kongresuaren itxieran, Chivitek "barne batasuna, proiektua eta akordiorako gaitasuna" aipatu ditu bere ekintza politikorako oinarri gisa; izan ere, uste du horiek izan direla bere dohain nagusia lidergoa lortzeko.
Exekutiba berriak, hein batean berritu duenak, botoen % 97,22ko babesa jaso du, eta Nafarroako presidenteak azpimarratu du kideen artean "talentua eta belaunaldi arteko bizikidetza" direla nagusi. Javier Remirezek eta Ramon Alzorrizek jarraitu egingo dute, eta Bernardo Ciriza izango da presidente berria.
Nafarroan alderdiak dituen 1.500 afiliatu ingururen ordezkari lanak egin dituzten 150 kideen babesean, Chivitek eskerrak eman dizkie, baina bereziki alderdiak Nafarroan eta Espainiako Estatuan egiten ari den lana goraipatu du, pandemiaren aurrean izandako eta etorkizunari begira dituen erronken harira duen jokabidea.