Politika -

Kalte moralengatik

Espainiako Gobernuak 20.000 euroko kalte ordaina emango dio Otegiri

2003an erregeari irainak egitea leporatuta Otegiri ezarri zioten zigorra "neurrigabea" zela adierazi zuen iaz Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, eta Espainiari kalte-ordainak emateko agindu zion.

Arnaldo Otegi. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio Arnaldo Otegiri kalte moralengatik. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak joan den martxoan Batasuneko bozeramaile ohiak 2003an erregeari egindako irainak zirela eta ezarritako zigorra "neurrigabea" zela adierazi zuen eta kalte-ordainak emateko agindu zion Espainiari.

Justizia Ministerioak Altxorraren Kutxari ordainketa-agindua eman dio gaur eta datozen orduetan gauzatuko da ordainketa, Alberto Ruiz Gallardonek zuzentzen duen Ministerioko iturriek jakinarazi dutenez.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2011ko martxoaren 15ean kaleratutako epaiak jasotzen duenez, Espainiak Otegiri 20.000 euroko kalte-ordaina eta beste 3.000 euro eman beharko dizkio ezarritako zigor bat "neurrigabea" zela iritzita. Espainiako Auzitegi Gorenak urtebeteko kartzela zigorra ezarri zion Batasuneko bozeramaile ohiari 2003an erregeari irain larria egitea leporatuta.

"Diskurtso politikoaren arloan egindako urraketagatik ezarritako kartzela zigorra ez da Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 10. artikuluarekin bateragarria", Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren arabera.

Auziak 2003ko otsailaren 26an Otegik egindako adierazpen batzuetan du oinarria. "Erregea Armada espainiarraren buru gorena da, hau da, torturatzaileen arduraduna, eta, beraz, tortura babestu eta geure herriari bere erregimen monarkikoa tortura eta indarkeria erabilita inposatzen dio", adierazi zuen.

Espainiako Gobernua kalte-ordaina martxoa baino lehen ordaintzera behartuta zegoen; bestela, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren isun bati egin beharko zion aurre.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea