Politika -

2021-2027 plan estrategikoa

Euroeskualdeak kohesio soziala eta ekonomikoa indartzeko helburua ezarri du 2027rako

Iñigo Urkullu lehendakariak, Maria Chivite Nafarroako presidenteak eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak bilera egin dute Donostiako Miramar Jauregian, datozen urteetarako plan estrategikoa aurkezteko.

Alain Rousset, Iñigo Urkullu eta Maria Chivite Euroeskualdearen ezohiko batzarrean. EFE
Alain Rousset, Iñigo Urkullu eta Maria Chivite Euroeskualdearen ezohiko batzarrean. EFE
Alain Rousset, Iñigo Urkullu eta Maria Chivite Euroeskualdearen ezohiko batzarrean. EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak kohesio soziala eta ekonomikoa indartzeko eta batasun hori galarazten duten oztopoak kentzeko lan egingo du datozen urteetan. Hala dago jasota gaur onartu duten Euroeskualdearen 2021-2027 Plan Estrategikoan.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Maria Chivite Nafarroako presidenteak eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak hartu dute parte plana aurkezteko Donostiako Miramar Jauregian egin duten ezohiko batzarrean.

Dokumentuan bost ardatz nagusi aipatzen dira: mugaz gaindiko elkarlanean erreferente bilakatzea; mugak gaindituz, Euroeskualdeko gizartea kohesionatzea; garapen ekonomikoa, soziala, kulturala, demografikoa eta ingurumena bultzatzea; berrikuntzaren eta teknologia berrien aldeko apustua egitea; eta krisi egoeretan –pandemiak, esaterako– egokitzeko gaitasuna izango duen lurralde eredua sortzea.  

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren hitzetan, Euroeskualdeak orain arte lortu dituen emaitzak eta mugarriak kontuan hartuta, balantzea "positiboa" da. Ildo horretan, azpimarratu du hiru lurraldeen arteko elkarlanaren bidez 140 proiektu abiatu dituztela, eremu ezberdinetan, tartean hezkuntzan, komunikazioan edo garapen jasangarriari nahiz hizkuntzari eta kulturari lotuta.  

Datozen urteetako erronka bat "komunikazioa bere zentzurik zabalean" bultzatzea izango dela iragarri du. Hala, pertsonen, erakundeen, enpresen eta teknologia eta formazio zentroen arteko komunikazioa hobetzeko lan egingo dute.

Maria Chivite Nafarroako presidentearen arabera, plan estrategiko berriarekin "kooperazioa eta elkarlana" indartuko dira, eta hori oso garrantzitsua dela erantsi du, "elkarrekin gauza gehiago eta hobeak egiteko gai izango garelako".

Halaber, Euroeskualdearen ibilbide-orria eta Nafarroako Gobernuak foru erkidegoa suspertzeko onartu duen plana bateragarriak direla nabarmendu du.

Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko presidenteak, berriz, mugaz gaindiko elkarlanaren balioa azpimarratu du, "nolako Europa nahi dugun eta zer hobetu behar den erakusteko balio duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Nafarroa Eusko Jaurlaritza Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua María Chivite