Politika -
EUROESKUALDEKO PROIEKTUAK
Euroeskualdea indartzeko zazpi proiektu hautatu dituzte
'Ezagutzaren ekonomia' programaren bigarren edizioan diruz lagunduko diren zazpi proiektuek euskal partaidetza dute.
EITB MEDIA
Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak ezagutzera eman ditu 'Ezagutzaren ekonomia' programaren bigarren edizioan finantzatuko dituen zazpi proiektuak. Programa horrek 450.000 euroko aurrekontua du oraingoan, eta eskualde horietako enpresak eta erakundeak bildu nahi ditu proiektu berritzaile baten inguruan eremu horretan sinergiak sortzeko.
Guztira 24 proposamenen artean hautatutako zazpi proiektuak hainbat sektoretan garatuko dira: aeroespazial-aeronautikoa, nekazaritzako elikagaiak, osasunaren ekonomia, energia berriztagarriak eta eraikuntza jasangarria.
"Fabrikazio aurreratua, aeroespaziala, aeronautika" arloan, Euroeskualdeak 68.700 euroko dirulaguntza eman dio Validdantenness proiektuari. Anteral enpresa nafartarrak zuzendutako proiektuan, besteak beste, Hegan Basque Aerospace Cluster erakundea dago. Ekimen honen helburua da aplikazio espazialetarako antenen metalak fabrikatzeko teknika gehigarriak aztertzea eta balioztatzea, tamaina txikiko sateliteetarako, hain zuzen.
Nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien industriaren esparruan, Agrotic HUB hautatu dute. Proiektua Nagrifood Nafarroako Elikadura klusterrak zuzentzen du,eta, Euskadiko Elikadura Klusterren Elkarteak parte hartzen du bertan, besteak beste. Ekimen horrek 52.212 euro lortu ditu, eta hiru eskualdeetako nekazaritzako elikagaien enpresen eraldaketa digitala bultzatzeko lan egingo du, mugaz gaindiko baliabideen zentro bat sortuz.
Osasunaren arloan, bi proiektu finantzatuko dira. Bata Bilebank da, Nafarroako Ikerketa Mediko Aplikaturako Fundazioak aurkeztua, eta 68.700 euro jasoko ditu Euroeskualdean giza behazun laginen biobanku komun eta funtzional bat ezartzeko. Proiektu aitzindaria da, horrelako biobanku bat garatzeko Europako lehen ekimena baita. Bestea, Vasadin, Biodonostia Institutua Elkarteak aurkeztu du eta 57.250 euroko dirulaguntza jasoko du; adinekoei osasun-arreta emateko eredu bat definitu nahi du.
Energia berriztagarrien sektorean ere, bi proiektu aukeratu dituzte: bata, Renovables izenekoa, Euskal Herriko Unibertsitatea buru duena eta 47.449 euro jasoko dituena, Bizkaiko Golkoaren inguruko ekonomia urdina sustatzeko; eta bestea, Hidro-Ttipi ekimenak, Goiener S.Coop. elkarteak aurkeztutakoak, euroeskualdean dauden errota hidraulikoen azterketa zehatza egingo du, berreskuratzeko zein eguneratzeko 6 egokienak identifikatzeko, eta 67.287 euro jasoko ditu.
Azkenik, eraikuntza jasangarriaren esparruan, Erakusbidea proiektua aukeratu dute, besteak beste, Eraikune Euskadiko Eraikuntzako Klusterren Elkarteak gidatua, eta Euroeskualdearen eremuan zuraren eta beste material natural batzuen bidezko eraikuntza jasangarria sustatu eta haren inguruko sentsibilizazioa bultzatzeko.
Deialdi hau martxan jarri zenetik, 2015etik, guztira 25 proiektu bultzatu dituzte.