Politika -
2013ko hauteskundeak
Koalizio abertzale bat eratzeko negoziatzen hastea onartu du Aralarrek
Aralarreko kideen % 93,8k onartu du datorren hauteskundeei begira koalizioan joateko formula. Aralarreko lau legebiltzarkideetatik hiru ez dira egon, besteak beste, Aintzane Ezenarro.
Erredakzioa
Ezker abertzalearekin, EArekin, Alternatibarekin eta Abertzaleen Batasunarekin negoziazioak hasiko ditu Aralarrek 2013ko erkidegoko hauteskundeei begira Amaiurren formula antzeko bat eratzeko.
Aralarrek Gasteizen egin duen batzarrera joan diren 160 militanteen % 93,8k proposamenaren alde bozaktu dute; alderdikideen %3,1 proposamenaren aurka agertu da, eta %3,1 abstenitu egin da, Patxi Zabaleta koordinatzaile orokorrak azaldu duenez.
Gaur, hauteskundeetara koalizio gisa joateko erabakiak gehiengoaren babesa lortu du, baina aurreko asteetan ezberdintasunak nabariak izan dira Aralarren barruan.
Honen harira, Iratzarri Aralarreko gazteen erakundeak, alderditik banandu egiten zirela iragarri zuten joan den asteburuan, nahiz eta beranduago, Iratzarriko talde batek, Aralarrekin lotuta jarraitzen dutela esan zuen.
Gaurko batzarrean ez dira Aralarreko lau legebiltzarkideetatik hiru egon, hau da, Aintzane Ezenarro, Oxel Erostarbe eta Mikel Basabe ez dira bozketan egon. Hala ere, "alderdian ez dago antolatutako sektore kritiko bat", argitu du Patxi Zabaletak, eta alderdiaren barruan dauden iritzi ezberdinekiko "errespetua" adierazi du.
Onartutako proposamenak, ofizialki "akordio nazional" bat negoziatzeko aukerari ateak zabaltzen dizkio, Bildun dauden alderdiekin, baita Abertzaleen Batasunarekin ere, nahiz eta azken hau ez den euskal hauteskundeetarako koalizio batean barneratuko.
Zabaletak azaldu du akordio honek ez diola koalizio bati oniritzia ematen (beste batzar baten bitartez bozkatu beharko litzateke), baina bai hori lortzeko negoziazioak hasteari.
Egun, Legebiltzarrean 4 kide ditu Aralarrek, eta joan den azaroaren 20ko hauteskundeetan, Amaiur koalizioan parte hartu zuen, ezker abertzalearekin, EArekin eta Alternatibarekin batera.
Orduan, Amiurren barruan parte hartzeko erabakia militanteen % 71,75ek babestu zuten.