Politika -
Martxoaren 3ko biktimak
Amaiurrek 'benetako trantsizio demokratikoa' eskatu du
"Biktima guztien" aintzatespena eskatu dute 1976ko martxoaren 3an hildako bost langileei egindako omenaldian.
Erredakzioa
Amaiur osatzen duten alderdiek (ezker abertzalea, Aralar, EA eta Alternatiba) 1976ko martxoaren 3an hildako bost langileak omendu dituzte Gasteizen eta "benetako trantsizio demokratikoa eskatu dute, Euskal Herria nazioa dela aintzat hartuta".
Ekitaldia bost langileen oroimenez egindako monumentuan egin dute. Langileak Poliziak egindako tiroek hil zituzten asanblea bat egiten ari zirela. Omenaldian izan dira, besteak beste, ezker abertzaleko Txelui Moreno, Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileordea eta Pello Urizar EAko idazkari nagusia.
Omenaldian bildutako batzuek "Policía, asesina", "Herriak ez du barkatuko" eta antzeko leloak oihukatu dituzte.
Indarren bategitea
Amaiurreko kideek omenaldiaren amaieran irakurtzeko testua adostu dute. Testu horretan esan dutenez, "duela 36 urte gertatu bezala, herri honek bigarren trantsizio bat behar du, benetakoa, Euskal Herria nazioa dela eta bere etorkizuna aske eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela aintzat hartuta".
Horrez gain, Amaiurreko alderdiek bigarren trantsizio horretan "aurrera" egiteko apustua egin dute, "gehiengo sozial baten eskutik". Koalizioaren ustez, "ezkerreko independista eta soberanistek indarren bategitea" bultzatu behar dute "eszenario politiko berriaren bidean" aurrera egiteko.