Politika -

Lehendakaritza

Lehendakaritzak ordezkaritza zabalduko du Parisen

Aurrekontua % 9,6 igota, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak bultzada handiagoa eman nahi dio nazioartean 'Basque Country' markari.

Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontu-proiektuaren bilera, gaur. Argazkia: Irekia
Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontu-proiektuaren bilera, gaur.
Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontu-proiektuaren bilera, gaur. Argazkia: Irekia

Agencias | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza sailak % 9,6 handituko du bere aurrekontua datorren urtean, 35,5 milioi eurora arte, inbertsio berrietarako. Besteak beste, Parisen ordezkaritza bat sortuko du eta nazioartean Basque Country markari bultzada handiagoa emango zaio, Txus Peña Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkariak jakitera eman duenez.

Lehendakaritza da Jaurlaritzan diru gutxien duen saila eta, Lehendakaritzaren barruan, Marian Elorzak zuzentzen duen Kanpo Harremanetarako Idazkaritzak izango du aurrekonturik handiena 2022an: 11 milioi euro.

Horietatik, milioi bat baino gehiago Eusko Jaurlaritzak Parisen izango duen ordezkaritza berri bat sortzera bideratuko dira. Hala sei izango dira Eusko Jaurlaritzak izango dituen ordezkaritzak, aurretik zabalik baititu bulegoak Bruselan, AEBetan, Mexikon, Kolonbian, Txilen, Argentinan eta Madrilen. Parisko ordezkaritza martxan egon daiteke datorren udarako.

Carmelo Barrio PPko bozeramaileak kritikatu egin du Frantzian bulego berri hori sortzea, eta galdetu du ea euskal herritarrek zertarako behar duten Parisen ordezkaritza bat, Bruselakoa hain gertu egonik.

Marian Elorzak bulego berri hori sortzearen alde egin du, Eusko Jaurlaritzaren eta Frantziako Estatuko administrazioen edo hainbat arlotako erakundeen artean dagoen harreman-bolumen "zabalagatik". Azaldu duenez, ordezkaritza horrek "tamaina ertaina" du -Bruselakoa baino txikiagoa, han zentralizatzen dira EBrekiko harremanak-. Bertan sei lagunek egingo dute lan.

Marian Elorzaren arabera, Eusko Jaurlaritzak atzerrian dituen bulego horien helburua ez da izango soilik euskal interes sozioekonomikoei eta enpresa arlokoei euskarria ematea, baizik eta harremanak sustatzea beste esparru batzuetan, hala nola unibertsitatean eta kulturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Frantziako Gobernua