Itxi

Politika

Bateragune auzia

Bateragune auziko epaiketa errepikatzeko agindua behin-behinean eteteko arrazoiak azaldu ditu Konstituzionalak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Epaiketa errepikatzeko agindua Auzitegi Gorenak eman zuen, baina auzipetuek helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Gorenenean eta honek agindu hori behin-behinean baliorik gabe utzi du.

  • Iñigo Iruin abokatua. Artxiboko argazkia: EFE

    Iñigo Iruin abokatua. Artxiboko argazkia: EFE

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Bateragune auziko epaiketa errepikatzeko agindua behin-behinean baliorik gabe utzi zuen duela gutxi eta gaur erabaki horren arrazoi juridikoak jakinarazi dituzte, albiste-agentziek zabaldu dutenez.

Epaiketa errepikatzeko agindua Auzitegi Gorenak eman zuen, baina Arnaldo Otegik eta gainerako auzipetuek -Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Rafa Diez Usabiaga- babes-helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean eta honek agindu hori behin-behinean indargabetu zuen.

Ebazpenaren arabera, auziaren muina aztertu arte itxaron beharra dago, epaiketa babes-helegiteari buruz erabaki bat hartu aurretik egingo balitz, akusatuak babes gabe geratuko liratekeelako.   

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Bateragune auziko epaia baliogabetu ostean, Gorenak beste epaiketa bat egiteko agindu zuen, baina duela egun gutxi Konstituzionalak onartu egin zuen auzipetuen abokatuek aurkeztutako babes-errekurtsoa. 

Besteak beste, ezarri zizkieten espetxe-zigorrak (sei urte eta erdira artekoak) eta gaitasungabetze-zigorrak osorik bete zituztela argudiatu zuten.  

Ezker abertzaleko buruzagiak 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten Guardia Zibilak egindako polizia-operazio batean, ETAren zuzendaritzapean Batasuna berrantolatzen ari zirela egotzita.

Epaiketa 2011ko ekainaren 27an abiatu zen Auzitegi Nazionalean eta epaia irailaren 16an eman zuten: Arnaldo Otegiri eta Rafa Diez Usabiagari 10 urteko kartzela-zigorra eta 10 urterako gaitasungabetzea ezarri zieten, erakunde terroristako kide izatea leporatuta; gainerakoei zortzi urteko espetxe-zigorra jarri zieten.

Epaia aztertzerakoan, Auzitegi Gorenak sei eta sei urte eta sei hilabetera murriztu zituen kartzela-zigorrak. Gerora, Auzitegi Konstituzionalak ebazpen hori berretsi zuen.

Alabaina, 2018ko azaroan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen ezker abertzaleko buruzagiek ez zutela epaiketa justurik eta inpartzialik izan. Alabaina, ordurako zigorra osorik beteta zuten.

Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez 2015eko urriaren 11n atera ziren espetxetik; Arnaldo Otegi 2016ko martxoaren 1ean irten zen kartzelatik; eta Rafa Diez Usabiaga, 2017ko abuztuaren 17an.

Hala eta guztiz ere, 2020ko abenduaren 14an, Gorenak epaiketa errepikatzeko agindu zuen, Estrasburgok emandako ebazpenak auzipetuak absolbitzen ez dituela ulertzen duelako.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena