Politika -
Senatua
Marlaska: "ETAko preso guztiak etxetik 200 kilometro baino gutxiagora daude dagoeneko"
Gainera, Barne ministroak adierazi duenez, Espainian preso dauden 184 ETAko kideetatik 80 Euskadiko espetxeetan daude jadanik, eta beste 10 Nafarroako kartzeletan. "Dagoeneko ez dago sakabanaketa politikarik, espetxe politika eta tratamendu indibiduala baizik", erantsi du.
Agentziak | EiTB Media
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak astearte honetan ziurtatu duenez, "ETAko preso guztiak etxetik 200 kilometro baino gutxiagora dauden espetxeetan daude dagoeneko".
Gainera, adierazi duenez, Espainian preso dauden 184 ETAko kideetatik 80 Euskadiko espetxeetan daude jadanik, eta beste 10 Nafarroako kartzeletan.
Almudena Otaola EAJko senatariak Marlaskari galdera egin dio Senatuan. Espetxeetan tratu txarrak prebenitzeko eta kasuak modu eraginkorrean ikertzen direla bermatzeko Espainiako Gobernuak aurrera eramango dituen neurrien inguruan galdetu dio jeltzaleak.
Bide batez, Otaolak ETAko presoak izan ditu hizpide. Torturaren aurkako Europako batzordeak duela gutxi esan zuen, erakunde armatua desegin ondoren, presoak Euskal Herriratu beharko liratekeela, jeltzaleak gogorarazi duenez.
"Jadanik ez dago sakabanaketa politikarik, espetxe politika eta tratamendu indibiduala baizik", erantzun du Barne ministroak. ETAko preso guztiak bigarren graduan daudela gogorarazi du Marlaskak. "Legea betetzen dugu", gaineratu du.