Politika -

ETAren agiriari erreakzioak

Frantziako biktimen ustez, Gobernuak ez du ETArekin negoziatu behar

Frantziako terrorismoaren biktimen presidenteak azaldu duenez, "terroristak dira, ez politikariak", eta hori dela eta, ETArekin edozein modutako elkarrizketa izatea baztertu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako terrorismoaren biktimen iritziz, euren Gobernuak ez du "sekula" ETArekin negoziatu behar. ETAk, hain zuzen, "elkarrizketa zuzena" abiatzea eskatu dio Nicolas Sarkozyren Exekutiboari agiri batean eta "euskal gatazka arazo espainiarra" balitz bezala erabili izana egotzi dio.

Bruselan, Europako Terrorismoaren Biktimen VIII. jardunaldietan egin ditu adierazpen horiek Guillaume Denoix de Saint Marc Frantziako biktimen elkarteko presidenteak. "Frantziak ez du inoiz ETArekin negoziatu behar", esan du hedabideen aurrean. 

Denoix de Saint Marcek azpimarratu duenez, "terroristak dira, ez politikariak" eta, hori dela eta, erakundearekin edozein modutako elkarrizketarik izatea baztertu du. Halaber, Espainiak eta Frantziak batera lan egin behar dutela adierazi du, baina "politikaren ikuspuntutik ez da Frantziaren arazoa", erantsi du.

Sarkozyk presoak hurbiltzearen inguruan egindako adierazpenen harira, Frantziako terrorismoaren biktimen presidenteak judizialki ekin beharreko gai bat dela esan du, "ez arazo politiko gisa", baina oro har, Frantziako preso guztien baldintzak ez direla "egokienak" gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea