Politika -

Frankismoa

Biktimak Erorien Haranetik desobiratzeko obra-lizentzia bertan behera utzi du epaile batek

Reconciliacion y Verdad Historica elkarteak aurkeztutako helegitea onartu du epaileak. Biktimen senideek deitoratu dutenez, "giza eskubideak, Zuzenbidezko Estatua eta ordenamendu juridiko onartzen ez dituen biztanleriaren sektore bat dago".

Erorien Harana. Argazkia: EFE
Erorien Harana. Argazkia: EFE
Erorien Harana. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Lorenzo de El Escorialeko Udalak Ondare Nazionalari emaniko, Erorien Haranean lurperaturik dauden biktimak desobiratzeko, obra-lizentzia behin-behinean bertan behera utzi du Madrilgo epaitegi batek, Reconciliacion y Verdad Historica elkarteak aurkeztutako helegitearen muina aztertu baino lehen kalte konponezinak egin daitezkeela argudiatuta.

Azaroaren 16ko ebazpenean, Eva Maria Bru Peral epaileak bertan behera utzi du San Lorenzo del Escorialeko Udalbatzak ekainaren 24an adostutako akordioa, non Ondare Nazionalari hirigintza-lizentzia eman zion Erorien Haraneko Santa Cruz Basilikaren kripta sarbideak birgaitzeko.

Espainiako Gobernuak, Ondare Nazionalaren bidez, Udalari hirigintza-lizentzia eskatu zion iragan apirilean, biktimen desobiratze eta identifikazio lanak hasi ahal izateko.

"Betirako atseden sakratua errespetatzeko"

Reconciliacion y Verdad Historica elkarteak Udalbatzaren akordioa bertan behera uzteko eskatu zuen, "hildakoen eta haien familien intimitaterako oinarrizko eskubidea eta betirako atseden sakratua errespetatzeko betebeharra" argudiatuz, "legez kanpokoak diren lanek urratuko lituzketelako".

Epaileak ebatzi duenez, lizentziako edukia berehala aurrera eramaten baldin badute, "babestutako osagai batean aldaketak egingo litzateke, eta azkenean helegitea onartzen baldin badute erabakia ez litzateke eraginkorra izanen".

Eduardo Ranz abokatuak, Lapeña anaien familiako ordezkariak, deitoratu duenez, "zoritxarrez" Erorien Haran barruan lanak egitea oztopatzen dute ebazpenek.

"Dirudienez, giza eskubideak, Zuzenbidezko Estatua eta ordenamendu juridiko onartzen ez dituen biztanleriaren sektore bat dago. Hala ere, biktimen eskubideak beti nagusitzen dira, eta demokraziak beti irabazten du", adierazi du.

Bestalde, Guillermo Rocafort helegitea jarri duen elkarteko idazkariak azpimarratu duenez, Espainiako Gobernua, Ondare Nazionalaren bidez, "ondare babeserako legedia" ezagutzen ez duela demostratzen ari da.

"Hauteskundeetan eragin nahi zuten. Gerra ezin da hilerrietara eraman, bertan pertsonak atseden hartzen dutelako, eta azkenean desadostasuna sortzen da, eta hildakoen betirako atsedena errespetatu beharra dago", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Madril Memoria Historikoa Giza eskubideak