Politika -
Bakearen foroa
Aralarren mezu kontrajarriak egotea ukatu du Rebeka Uberak
Alderdiak bazterketarik gabeko ''ekimen bateratzaile'' baten alde egiten duela azpimarratu du.
Erredakzioa
Lehendakariaren proposamenen edo bakegintza jorratzeko balizko batzordearen inguruan bere alderdian mezu kontrajarriak egotea ukatu egin du Rebeka Ubera Aralarreko ordezkariak, eta Aralarrek bazterketarik gabeko ''ekimen bateratzaile'' baten alde egiten duela azpimarratu du ostiral honetan.
Ezker abertzaleko, Eusko Alkartasuneko eta Alternatibako ordezkariekin batera, agerraldia egin du Uberak. Elkarrekin adostutako testu bat aurkeztu dute hitzordu horretan, eta, bertan, ''arduragabe''tzat jo dute lehendakariaren jarrera. Alderdi horietako ordezkarien ustez, planteamendu ''baztertzaileak'' eta presoentzat neurri bidegabeak aurkeztu ditu Patxi Lopezek, eta ''gatazkaren existentzia'' ukatu du.
Dokumentu horren defentsak Aintzane Ezenarrok ostegun honetan Legebiltzarrean izandako jarrerarekin bat egiten ote duen galdetuta, Uberak kontraesanak egotea ukatu du.
Ostiral honetan bertan Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Ezenarrok esan du ''batzuek eta besteek'' elkarrizketa saihesteko aitzakiak jartzen dituztela, eta, elkarrizketan aurrera egiteko, araudiaren "zirrikituak" erabiltzea eskatu du.
Ostegun honetako bilkuran "asko" hitz egin zela eta "testu desberdin asko" aztertu zituztela azpimarratu du. Azkenean akordio zabalik lortu ez zuten arren, "horrek ez du esan nahi aurrera egin ez genuenik, lehenengo saiakera izan baitzen; orain arte bakoitzak berea egiten zuen", esan du Ezenarrok.