Politika -
Lan erreforma
EAJk grebarekin bat egitea ala ez errespetatzen du; PSEk 'ulertzen' du
EAk lan-harremanen esparru autonomo bat eratzea proposatuko du Legebiltzarrean, eta PPk erreforma defendatu du "ezin dugu besoak uztarturik gelditu zazpi edo zortzi milioi langabera iritsi arte".
Erredakzioa
Lan erreforma "arriskutsua" dela esan du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak eta "lortzea ikaragarri zailak izan diren lan eskubideak, aurretik eramaten dituen tsunamia" dela esan du. Honen harira, PSE-EEk ez duela "formalki" greba orokorrean parte hartuko azaldu du, baina alderdiko milaka lagun CC. OO eta UGT sindikatuetako militante direla gogoratu du.
Radio Euskadiko elkarrizketa batean, Gobernuak legedia aldatzea espero duela adierazi du, baina "zaila" dela onartu du "Alderdi Popularra itxita dagoelako". Gainera, lan erreformak enpresa pribatuari eragiteaz gain, "administrazioko langileei ere" eragiten diela esan du.
Ricardo Gatzagaetxebarria EAJko legebiltzarkideak azaldu du bere alderdiak ez diela militanteei martxoaren 29ko greba orokorrean parte hartzeko "dei" egingo, baina parte hartu nahi dutenei edo nahi ez dutenei errespetatuko diela adierazi du. Honen harira, lan erreformak "langileen eskubideak urratzen ditu", gaineratu du , baina "grebak produkzio sistemari kalte egingo dio une honetan".
EAJk erreformaren lege dekretuaren aurka bozkatu duela gogoratu du Gatzagaetxebarriak, "langile eta enpresariaren artean desoreka sortzen duelako".
Bestalde, Anton Damborenea PPko buruzagiak esan du Mariano Rajoyk "egoera konpontzeko agintaldia" duela, eta bere alderdiak ezin duela inolaz ere "besoak uztarturik gelditu", "zazpi edo zortzi milioi langabe egon arte".
Espainia sei milioi langabera iristear dagoela esan du PPko buruzagiak, eta lan erreforma defendatu du, besteak beste, "enpresa bakoitzeko akordioa gailentzen delako, enpresa guztiei era berean eragiten dieten hitzarmenen gainetik; denek ez baitute berdin funtzionatzen".
Bestetik, Juanjo Agirrezabala EAKo legebiltzarkideak salatu du "langileen kopurua handitzearen aitzakiarekin, PPk soilik soldatak eta kaleratzeengatik ordainak jaitsi nahi ditu", "aurreko mendeko baldintzetara bueltatzeko".
Gainera, Ezker Anitzaren ekimen batekin bat eginez , EAk Legebiltzarrean lau neurri eztabaidatzeko proposatu duela esan du; lan-harremanen esparru autonomo bat eratzeko, eta Legebiltzarrak gizarteari martxoaren 29rako greban parte hartzera dei egiteko.
Enpresariek eta Gobernuak "eskubideak murriztuz langileak axolagabekerian" utzi nahi dituztela salatu du Ezker Batuak, eta horregatik, bihar euskal hiriburuetan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko gonbidea egin du.
Gizarteko presioak Gobernuari hausnarketara behartzera espero du EBk "herritar gehienen aurka ezin delako gobernatu".