Politika -
Ramon Rubial sariak
Anduezak "egiazko kontakizuna" aldarrikatu du "bizikidetza eraikitzeko"
PSE-EEren buruak azpimarratu du sozialistek "gobernatzeko modu berri bat" eskaintzen dutela, "ulermen gaitasunarekin".
agentziak | eitb media
Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak adierazi du "bizikidetza eraikitzeko" beharrezkoa dela "gertatutakoaren egiazko kontakizuna". "Eta egia dena da desberdin pentsatzeagatik hil dela herri honetan. Herri honen aniztasuna deuseztatzen saiatu ziren", gaineratu du.
Anduezak Ramon Rubial sarien banaketa ekitaldian parte hartu du gaur, Bilbon, eta besteak beste, Patxi Lopez lehendakariak eta Rodolfo Ares sailburu ohiak Demokraziaren, Bakearen eta Askatasunaren Defentsa saria jaso dute.
Era berean, saria eman diete Iciar Bollain zine zuzendariari, Montes Solidarios elkarteari, Maialen Chourraut piraguistari, Surfrider Foundation Europeri, Osakidetzako langileei, Angels Barcelo kazetariari eta Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiari.
Bestalde, Anduezak azpimarratu du azken asteotan alderdiak egindako kongresuan "alderdiaren egitura gehienak berritu" dituztela, baina, bereziki, "pandemia ondorengo Euskadirako proiektua eta sozialisten papera berraztertu" dutela.
Covid-19aren pandemiak joko arauak aldatu dituela ohartarazi ostean, adierazi du gaur egun are premiazkoagoak direla "erronka klimatikoa, erronka demografikoa, zaintzen sistema, industriaren digitalizazioa eta lanbide berriak".
"Guzti horretara bideratu behar dugu ekintza politikoa. Eta horretara eramango dugu esfortzua euskal sozialistok aro berri honetan. Baina 2030erako helburu jarri dugun Euskadi berde, feminista, solidarioa lortzeko, guztion esfortzua behar da. Guztiok bat egin behar dugu: gobernuak eta oposizioak, enpresek eta langileek, gizarte zibilak", azaldu du.
Kontakizuna
Euskadi "min eta sufrimendu iraganetik" datorrela gogorarazi ostean, esan du "ezin" dela "ahaztu, ez estali". Horregatik, berretsi du "hemen gertatutakoaren egiazko kontakizuna" egin beharra dagoela "herri honetan bizikidetza eraikitzeko".
"Eta egia dena da herri honetan desberdin pentsatzeagatik hil zela. Herri honen aniztasuna deuseztatzen saiatu ziren. Gaur Patxi Lopez lehendakaria eta Rodolfo Ares saritu ditugu duela 10 urte askatasuna lortzeko protagonistak izan zirelako. Baina pelikula oso berezi bat ere saritu dugu, 'Maixabel', guztioi egiten digulako erreferentzia iraganari buruz, aurreiritziak gainditzeaz, ondokoari begiratzeaz, eta etorkizunera bidean beharrezkoak diren enpatia dosiez", gaineratu du.
Anduezak, Jose Mujicaren hitzak gogoan, esan du "minaren motxila eramaten ikasi beharra" dagoela, "baina ez motxilari begira".
Azkenik, PSE-EEren buruak "Alderdi Sozialistaren eremua zabaltzea" aldarrikatu du: "Hori da gure helburua hasiera berri honetan, eta erronka horretara deitzen ditut herritar guztiak".