Politika -

Elkarbizitza

Nafarroako hezkuntza sistemak ETAren inguruko zazpi unitate didaktiko ditu dagoeneko

Historia, Balio Etiko, Filosofia eta Psikologia bezalako irakasgaietan erabili ahal izango dituzte. Materiala Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan garatuko dute.

Fernando Grande-Marlaska, Maria Chivite eta Pilar Alegria. Argazkia: EFE
Fernando Grande-Marlaska, Maria Chivite eta Pilar Alegria. Argazkia: EFE
Fernando Grande-Marlaska, Maria Chivite eta Pilar Alegria. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako hezkuntza sistemak ETAren historiaren inguruko zazpi unitate didaktiko ditu dagoeneko, "Terrorismoaren memoria eta prebentzioa" proiektuaren baitan. ETAk biktimentzat eta gizartearentzat suposatu zuena ez ahazteko helburua du egitasmoak, elkarbizitza berri bat "memoria kolektiboaren" gainean eraikitzeko.

Pilar Alegria eta Fernando Grande-Marlaska Hezkuntza eta Lanbide Heziketa, eta Barne ministroek, hurrenez hurren, materiala aurkeztu dute Iruñean. Unitate didaktikoak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan emango dituzte. ETAren historia aztertu eta indarkeria terrorista errefusatzeko baloreak sustatuko ditu materialak, baita biktimenganako errespetua ere.

Lehen unitatea 2018ko azaroan aurkeztu zuten bi ministerioek. Gaur beste sei unitate aurkeztu dituzte. Historia, Balio Etiko, Filosofia eta Psikologia bezalako irakasgaietan erabili ahal izango dituzte irakasleek.

Unitate bakoitza saio ezberdinetan zatituta dago, eta ikasleentzako jarduerak ditu. Horrela, unitate guztiek ikaslearen parte-hartzea sustatzen dute, baita haren gogoeta ere. Biktimen kolektiboak parte hartu du proiektuan. Horrela, Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroak eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioak lagundu dute egitasmoan.

Horregatik, biktimen "eskuzabaltasuna" goraipatu du Pilar Alegria ministroak. Alegriaren hitzetan, "intolerantziak eta fanatismoak gure gazteen ariman tokirik ez izateko lagundu behar eta ahal du hezkuntza sistemak".

Ildo beretik, terrorismoaren errealitate gordina, bilakaera eta jatorria belaunaldi berriei erakustea baloratu du Grande-Marlaskak, "askatasun, bake eta demokrazia balioak transmititzeko".

Azkenik, Maria Chivite Nafarroako presidenteak gogorarazi duenez, Foru Erkidegoko ikasgeletan lanean ari ziren jadanik unitateekin, "beharrezko materiala". Chiviteren esanetan, "terrorismoa fenomeno sozial gisa azaltzea bakarrik ez; egia, memoria eta balioen transmisioari ekarpena egin behar dio; biktima bakoitzaren atzean dagoen drama pertsonal eta familiarra ez ahazteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa ETA Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntza Terrorismoaren Biktimak