Politika -

kataluniako eskolak

Murgiltze linguistikoa blindatzeko eskatu dute milaka pertsonak Bartzelonan

Somescola hezkuntza plataformak deitutako manifestazioan, Kataluniako eskola eredua defendatu dute azken epaien ostean. Izan ere, epai horiek ikasgaien % 25 gazteleraz eskaintzera derrigortzen zituzten zenbait ikastetxe.

Somescolak Bartzelonan deitutako manifestazioa. Argazkia: EFE
Somescolak Bartzelonan deitutako manifestazioa. Argazkia: EFE
Somescolak Bartzelonan deitutako manifestazioa. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Subiranismo zibil eta politikoak Somescola hezkuntza plataformaren deiari erantzun dio larunbat honetan, 35.000 pertsona baino gehiagok Bartzelonako Passeig de Sant Joan etorbidea bete dutelarik. Murgiltze linguistikoa eta Kataluniako eskola eredua defendatu dituzte, azken epaien aurrean.

Zenbait ikastetxe gutxienez ikasgaien % 25 gazteleraz eskaintzera derrigortzen dituzten epaien aurka deitu dute manifestazioa, "Ara i sempre, l'escola en català" (Gaur eta beti, eskola katalanez) lelopean. Bertan izan dira Pere Aragones Generalitateko presidentea, Laura Borras Parlamenteko presidentea, Quim Torra Generalitateko presidente ohia eta ERC, JxCat, CUP eta En Comu Podem taldeetako lider nagusiak; baita Somescolak biltzen dituen berrogeita hamar bat erakundeak ere, Omnium Cultural tartean.

Generalitateko presidenteak espainiar nazionalismoaren "erasoaz" ohartarazi du, izan ere, "Kataluniako ikastetxeak erabili nahi ditu" kohesio soziala ahultzeko, "lau boto lortzearren; ez Katalunian, kanpoan baizik".

Bere aldetik, Borrasek adierazi du Espainiako Estatuak ez duela "aniztasunaren eta aberastasunaren hizkuntza menperatzen", haren aburuz "inposaketarena" bakarrik menperatzen baitu.

Gainera, Jordi Sanchezek Pablo Casado PPko presidentea gonbidatu du Kataluniako eskolari buruzko "mehatxuak eta gezurrak" baztertzera. En Comu Podem taldeak bat egin du mezuarekin, eta Jessica Albiach lider parlamentarioak salatu egin ditu popularren buruaren "gezurrak eta basakeriak".

Marta Vilalta ERCko bozeramaileak adierazi du "herrialdearen adostasun nagusia" dela Kataluniako eskola. Era berean, auzitegiei leporatu die "irakasle" rola hartu nahi izana, eta eskuineko alderdiei "lau boto lortzeko gorrotoa sustatu" izana.

Bestalde, Carles Riera Parlamenteko CUP taldeko diputatuak Generalitateko gobernuari jakinarazi dio "erdizka ibiltzeak" ez duela balio Kataluniako eskolaren defentsan, eta zentzu horretan "neurri zorrotzak" hartzeko eskatu dio.

Manifestazioaren hasieran, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak "botere judizialaren erdian sartzeari" aurre egiteko gonbita bota du. Haren hitzetan, "kohesio sozialaren berme den eredu arrakastatsua" da Kataluniakoa, eta "adostasuna" eragiten du.

Amaierako ekitaldian Somescolaren adierazpena irakurri dute. "Kataluniako hezkuntza eredua defendatzeko" mobilizatzeko deia egiten da bertan, eta Hizkuntzaren Itun Nazionalaren bidez "herrialdearen adostasuna" blindatzekoa. Gainera, adierazpenak eredu hori "sendotzeko" eskatzen du, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak suposatzen duen "sartze onartezinaren aurrean". Bukatzeko, bost artista ezagun oholtzara igo dira euren kantak abestera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Politika Bartzelona Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Pere Aragonès Hezkuntza CUP ERC Kataluniako Generalitatearen albisteak