Politika -
Itun Ekonomikoa
Nafarroako eta Espainiako gobernuek Hitzarmen Ekonomikoa berritzeko akordioa egin dute
Besteak beste, Nafarroako Ogasunak hiru zerga berri kudeatuko ditu aurrerantzean. Geroa Baik eta EH Bilduk iragarri dute abstenitu egingo direla Hitzarmen Ekonomikoaren Legea erreformatzeko bozketan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroako eta Espainiako gobernuek akordioa egin dute bi administrazioen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren Legea berritzeko.
Guztira, Nafarroaren eta Estatuaren arteko finantzazioa eta zergak arautzen dituzten 28 artikulu, sei xedapen gehiago eta zazpi xedapen iragankor eguneratuko dituzte.
1990ean indarrean jarritako Itun Ekonomikoaren seigarren eguneratzea izango da. Oraingoz, baina, Nafarroak Estatuari egin beharreko ordainketaren zenbatekoa kalkulatzeko modua bere horretan geratuko da.
Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak azpimarratu du bi gobernuen arteko harreman ona dela eta gaur iragarritako ituna horren erakusgarri dela.
Berrikuntzak zergen nahiz finantzazioaren esparruan izango dira. Hala, Nafarroako Ogasunak hiru zerga gehiago kudeatuko ditu: finantza-transakzioen gaineko zerga, zerbitzu digital batzuen gaineko zerga eta merkataritza elektronikoari lotutako balio erantsiaren gaineko zerga.
Horrez gain, Foru Ogasunaren kudeaketa eta ikuskaritza eta administrazioen arteko koordinazioa hobetzeko hobekuntzak adostu dituzte.
Geroa Bai eta EH Bildu abstenitu egingo dira
Bestalde, Geroa Baik eta EH Bilduk dagoeneko iragarri dute abstenitu egingo direla Itun Ekonomikoaren Legea erreformatzeko Parlamentuan egingo den bozketan.
Uxue Barkosek (Geroa Bai) kritikatu du akordiotik kanpo gelditu direla hainbat gai garrantzitsu, tartean kupoa kalkulatzeko modua, eta negoziaketa honen inguruko informaziorik konpartitu ez izana aurpegiratu dio Maria Chiviteren Gobernuari.
Gauzak horrela, abstentzioaren alde egingo dutela jakinarazi du.
Adolfo Araizek (EH Bildu) adierazi du akordioan jasotako puntu askorekin ados daudela, baina finantzazioari buruzko harremanagatik kezkatuta daudela erantsi du; izan ere, "aurrerantzean Nafarroako Parlamentuak ez du aukerarik izango Nafarroako Estatuari ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko erabiltzen den indizearen gainean".
Horrela, bada, koalizio soberanistak ere abstentziora joko du bozketa egiten denean.