Politika -
Katalunia
Aragonesek ohartarazi du "alternatibak" bilatuko dituela elkarrizketa mahaiak huts eginez gero
"Gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateari uko egingo ez diogun bezalaxe, ez diogu uko egingo Kataluniaren independentziari", adierazi du presidentak.
agentziak | eitb media
Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentak ohartarazi du "alternatibak" bilatuko dituela Estatuarekin duen elkarrizketa mahaiak huts eginez gero, eta 2022an "emaitza hautemangarririk" eskaintzen ez badu.
President gisa eman duen urte amaierako lehenengo hitzaldian, Aragonesek bi berrikuntza sartu ditu: ez du mezua Generalitatearen Jauregitik igorri, eta abenduaren 30ean egin beharrean, abenduaren 26ra aurreratu du, Sant Esteve egunera, Katalunian jai delako.
Rosello Porcel eskola aukeratu du mezua grabatzeko, Santa Coloma de Grameneten (Bartzelona). Hain zuzen ere, bertan hasi ziren, 1983an, Kataluniako hizkuntza murgiltze eredua aplikatzen, eta sinbolismo hori bilatu nahi izan du presidentak gaia polemikaren erdian dagoen honetan.
Proces-a izan du hizpide hitzaldian: irailean Estatuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketa mahaia berriro martxan jarri ostean, 2022a "gatazka desblokeatzen" hasteko urtea izan beharko litzateke, Aragonesen esanetan.
"Negoziazioak Estatuarekin aurrera egin behar duen urtea da, emaitza hautemangarriak ematen hasi behar da. Estatuarekin dugun gatazkaren irtenbidea autodeterminazio eskubidean eta amnistian dagoela uste duten herritarren gehiengo zabalari erantzun bat ematen hasi beharra dago", azaldu du Pedro Sanchezen Espainiako Gobernuari begira.
Kataluniako Gobernuaren buruak esan du independentismoak "gehiengo irmoa, askotarikoa, eta denboran luze doana" duela, eta ez duela gatazkaren "inolako blokeorik onartzen".
"Horregatik, alternatibak eraikitzen hasi behar dugu, errealistak izanda, adostasun zabalena bilatzen eta orain arteko bideaz ikasten, negoziaketak huts egin eta emaitzarik ematen ez badu", ohartarazi du.
"Gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateari uko egingo ez diogun bezalaxe, ez diogu uko egingo Kataluniaren independentziari", adierazi du presidentak.