Politika -
KORONABIRUSA
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak pandemiaren inguruan egindako kudeaketa kritikatu du EH Bilduk
Koalizio subiranistaren esanetan, pandemiaren kudeaketa "eskasa, berantiarra eta noraezekoa" izaten ari da. Are gehiago, murrizketak ezartzea eta laguntza neurririk ez onartzea aurpegiratu die bi gobernuei.
AGENTZIAK | EITB Media
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua pandemiaren inguruan egiten ari diren kudeaketa "eskasa, berantiarra eta noraezekoa" ari dela izaten kritikatu du EH Bilduk. EAEn zein Nafarroako ezarri diren neurri murriztaileak ezagutu berritan, murrizketak ezartzea eta laguntza neurririk ez onartzea eta sektore kaltetuenak babesik gabe uztea aurpegiratu die bi gobernuei. Gauzak horrela, Osakidetzako eta Osasunbideako lehen arreta indartzea eskatu die Urkullu lehendakariari eta Chivite presidenteari.
Ohar batean, gaitzetsi egin du pandemiaren kudeaketa herritarren esku uztea. Ildo horretan, administrazioak bere gain duen erantzukizuna kendu nahi izan duela uste du.
EH Bilduren iritziz, berriki hartutako neurriak ez dira eraginkorrak, koronabirusaren zabalkundea inoizko handiena eta intzidentzia tasa oso altua delako.
Neurriak "berandu datoz" EH Bilduren iritziz. Gaineratu duenez, "Gabonak neurri murriztailerik hartu gabe igarotzeko borondate argia egon da, eta neurri kosmetiko eta ez eraginkorrekin herritarrak despistatzen aritu dira, hala nola covid pasaportea eta kalean maskararen erabilera derrigortzea".
Halaber, koalizioari larria iruditzen zaio Osakidetzako protokolo berriaren arabera positiboen jarraipena soilik egoera zaurgarrian dauden herritarrei egitea.
Koalizioak bost neurri proposatu ditu:
1. Txertaketa osasun zentroetatik ateratzea.
2. Aztarnari taldeak indartzea, areagotzea eta denboran zehar mantentzea.
3. Aztarnarien lanerako protokoloak eta prozedurak aldatzea.
4. Espazio itxietan airearen kalitateari eusteko iragazkiak instalatzea (neurgailuak ez ezik, airea garbitzeko iragazkiak ere).
5. Herritarren eskura jartzea autodiagnostikorako tresnak: testak unibertsalizatzea, dohainik edo prezio sinbolikoaren truke eskuratzeko aukera emanez.
Laura Garrido Euskadiko PPko idazkari nagusiak deitoratu egin du Eusko Jaurlaritzak pandemiaren kudeaketan izan duen "irizpide falta", eta herritarrei positiboen kontaktu estuak bilatzeko "erantzukizuna" pasa diela gaineratu du.
Pertsona askok gaixotasunaren sintoma arinak dituzten arren, beste batzuk "ez daude miatzaile lanak egiteko", gaineratu du.
Osakidetzako Lehen Mailako Arretari laguntzeko plan bat ezartzeko beharra azpimarratu du. Halaber, proba diagnostiko "masiboak" bizkortzea eskatu du, eta antigenoen testen prezioen igoera ikusita, finantzaketa planeatzea.