Politika -
URTE ZAHAR EGUNEKO MEZUA
Lehendakariak esan duenez, “birusarekin denbora luzean bizitzen ikasi behar dugu, baita beste era batera ere”
Urkulluk pandemian zehar jasotako kritikak onartu ditu, baina “guztioi berdin eragiten digun errealitate baten aurrean populismoaren edo demagogiaren aurkako txertorik ez dagoela” esan du.
Eitb Media
Iñigo Urkullu lehendakariak "apaltasunez" aitortu du "ez dugula jakin gizarteari azaltzen birusarekin denbora luzean bizitzen ikasi behar dugula; bai eta, beste modu batera bizitzen ere".
Duela 85 urte Jose Antonio Agirre lehendakariak Gabonetako lehen mezuan nabarmendu zuen ideia bat gogora ekarriz hasi du Iñigo Urkulluk urte amaierako ohiko mezua: "Herritar orok du bere lanarekin, kapitalarekin eta jarduera intelektualarekin herriaren ongizate orokorrari laguntzeko betebeharra".
Ildo horretan, pertsona bakoitzaren ekarpenaren alde egin du ongizate orokorra lortzeko: "Gaur egungo ongizatea, guztion ongizatea, osasuna da".
Lehendakariak berriro ere oroitzapenean izan ditu covid-19aren ondorioz hildako pertsonak eta haien familiak, eta, berriro ere, profesional sanitario eta sozio-sanitarioen lana eskertu eta aitortu du, "asko zor baitiegu".
"Orduan bezala, gaur, atzo eta bihar, profesional asko ari dira arlo guztietan lanean, premia handiena duten pertsonen zerbitzura", esan du.
Pandemiarekin jarraituz, Urkulluk esan du "apaltasunez aitortu behar dugula pandemiari buruz oraindik gutxi dakigula eta egunero buru-belarri lanean jarraitu behar dugula egoera eta bilakaera aztertuz".
Halaber, "apaltasunez onartzen dugu, baita ere, munduko biztanleria osoa txertatzen ez den bitartean, aldaeren eragina jasaten jarraituko dugula".
Bestalde, lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko konpromisoa pandemiari erantzutea izan dela, eta, horrekin batera, "gizartearen kezkak hurbiletik jarraitzea eta ondo ulertzea".
Era berean, onartu du osasun publikoaren, osasun emozionalaren, osasun ekonomikoaren eta osasun sozialaren arteko oreka mantentzea ez dela erraza izaten ari. Hori dela eta, jasotako kritikak onartu ditu eta egonezina erakutsi du "pandemia honen aurrean ezin izan baititugu beti irtenbideak eta ziurtasunak eskaini".
Nolanahi ere, esan duenez, jabetzen da "ez dagoela populismoaren edo demagogiaren aurkako txertorik, guztioi berdin eragiten digun errealitate baten aurrean".
Bestalde, Urkulluk adierazi du etorkizunari oinarri sendoez ekingo diola euskal gizarteak, "onartutako aurrekontu berria dugulako". Horri esker, azpimarraitu duenez, "oinarrizko zerbitzuak bermatzeko baliabideak ditugu: Osasuna, Hezkuntza, Gizarte-babesa. Baita ere ekonomia eta enplegua mantentzeko baliabideak ere".
Azkenik, nazioarteko egoerak kritikoa izaten jarraitzen duela eta erne jarraitu behar dugula azpimarratu ostean, konfiantza eta itxaropen sentimendua partekatu du: "pandemiaren bost olatu gainditu ditugu eta seigarren olatu hau ere gaindituko dugu".