Politika -
Madril
Felipe VI.ak ETAren biktimak izan ditu gogoan Pazko Militarraren ekitaldian
Espainiako erregearekin batera, ekitaldi horretan izan dira Letizia erregina, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Armadako eta Guardia Zibilaren buruzagiak, besteak beste.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Felipe VI.ak ETAren biktimak izan ditu gogoan Pazko Militarraren egunean egin duten ekitaldian, 2021eko urrian erakunde armatuak bere jarduera betiko amaitu zuenetik 10 urte bete ostean. "Biktimen indarra eta maila morala espainiar guztiontzako gida dira", adierazi du.
Madrilgo Errege Jauregian egin duten ekitaldian, Felipe VI.arekin batera, Letizia erregina, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, Margarita Robles Defentsa ministroa eta Armadako eta Guardia Zibileko buruzagiak izan dira, besteak beste.
"Emozio handiz ondratu nahi ditut terrorismoaren biktimen oroimena eta duintasuna. Horietako asko Armadako eta Estatuko Segurtasun Indarretako kideak ziren. Haien senideei gure babesa eta miresmena helarazi nahi dizkiegu. Zuen indarra eta maila morala espainiar guztiontzako gida dira", azpimarratu du.
Horrez gain, pandemiaren ondorioz hildako pertsonak eta nazioarteko misioetan hildako militarrak izan ditu gogoan.