Politika -

EUSKADI IRRATIA

Denis Itxaso: "Indarrean dauden akordioekin euskal lan esparrua bermatuta dago sektore gehienetan"

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak lan erreformari dagokionez esan du EAJk eta EH Bilduk eskatu bezala euskal lan itunak lehenetsiko direla.

Denis Itxaso, Euskadi Irratian. Artxiboko argazkia: Faktoria
Denis Itxaso, Euskadi Irratian
Denis Itxaso, Euskadi Irratian. Artxiboko argazkia: Faktoria

play icon 21:25

Onintza Aiestaran | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur egun indarrean dauden akordioekin, sektore gehienetan euskal lan esparrua bermatuta dagoela azpimarratu du Denis Itxasok. Lan erreformari buruz galdetuta, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan esan du EAJk eta EH Bilduk eskatu bezala euskal lan itunak lehenetsiko direla estatukoen gainetik. Espainiako Gobernuak patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako testuari babesa ematea eskatu die bi alderdi politikoei.

Denis Itxasok onartu du ezin dela Rajoyren lan erreforma indargabetu: "Lan merkatua arautzen duten legeak ezin dira besterik gabe indargabetu, beti beharko dugu lan araudi konkretu bat". Hala ere, bere esanetan, lan erreforma "onuragarria" izango da iraganean Rajoyk onartutako erreformaren neurririk kaltegarrienak ezabatuko dituelako. Halaber, garrantzia ematen dio patronalaren, sindikatuen eta Gobernuaren arteko akordioari eta horrek etorkizunari begira legitimitate handia ematen diola gehitu du.

Transferentzien inguruan, berriz, esan du Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren (BGDS) eskumena Euskadira iritsiko dela eta "denbora kontua" dela. "Transferentziak egitea kosta egiten da. Beti daude ñabardura juridiko, tekniko eta finantzarioak, baina sinetsita nago eskumen hori iritsiko dela, hori delako gobernuaren borondatea", azaldu du.

Eskualdatzeko dauden beste eskumenen inguruan esan du lanean ari direla eta ezarritako egutegiak negoziazioak markatzen dituela, ez horrenbeste akordioak. "Batzuetan dinamikak asko luzatzen dira, baina horrek ez du esan nahi borondate falta dagoenik", adierazi du.

Bestalde, koronabirusari lotuta, Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak ez du kontraesanik ikusten epe motzeko neurri murriztaileen eta covid-19a gripearen pare kudeatzeko estrategiaren artean: "Aurreikuspenekin jokatzea derrigorrezkoa da". Antigeno testek doakoak behar ote duten galdetuta, Itxasok esan du "oreka" mantendu behar dela, eta prezioak arautuz "sentsibilitate soziala" agerian utzi dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan Erreformaren Lege berria Berriak Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua bideoak Ekonomia albisteak Denis Itxaso Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia EAEko Autonomia Estatutua