Politika -
Txillardegi
Txillardegiri Gipuzkoako Urrezko Plaka ematearen aurka agertu dira PSE eta PP
EH Bilduk proposamen bat aurkeztu du Txillardegiri Gipuzkoako Urrezko Plaka emateko, idazle eta hizkuntzalari gisa izan zuen ibilbidea eta euskara batuaren sorreran izan zuen garrantzia aitortzeko. PSE eta PP ekimenaren kontra agertu dira, ETAren sortzaileetako bat izan zela argudiatuta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EH Bilduk proposamen bat aurkeztu Gipuzkoako Batzar Nagusietan Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri lurralde horretako Urrezko Plaka eman diezaioten. Ekimena datorren otsailaren 9an eztabaidatuko dute osoko bilkuran, baina dagoeneko PSE-EE eta PP kontra agertu dira.
Koalizio soberanistak azpimarratu du Txillardegi "euskararen eta euskal kulturaren eragile handienetarako bat" izan zela eta, ildo horretan, erantsi du euskara batuaren sorreran bere papera ezinbestekoa izan zela.
Halaber, idazle, pentsalari eta soziolinguista bezala egindako lanak nabarmenduta, Euskal Herriko pertsonaia garrantzitsuenen artean dagoela uste du EH Bilduk.
Gauzak horrela, eta oraindik Gipuzkoako Foru Aldundiaren "omenaldi ofiziala" falta zaiola deitoratuta, Txillardegiri Gipuzkoako Urrezko Plaka ematea proposatu du koalizioak.
Jose Ignacio Asensio PSE-EEko idazkari nagusia, baina, ekimen horren kontra agertu da, "euskararen aldeko ibilbidetik haratago", Txillardegik "bakearen aurkako profil politiko nabaria" izan zuela iritzita.
"ETA erakunde terroristaren sortzaileetako bat izan zen eta HBko kidea izan zen terrorismoaren garairik gogorrenetan", gaineratu du.
Bestalde, Juan Carlos Cano Gipuzkoako PPko ordezkariak esan du "aberrazioa" izango litzatekeela Gipuzkoako Urrezko Plaka ETAren sortzaile bati ematea.