Itxi

Politika

Elkarrizketa Radio Euskadin

Mertxe Aizpurua: "Lan erreforma babestea Rajoyren legea iraunaraztea litzateke"

L.Z. | EITB MEDIA

EH Bilduk Madrilgo Diputatuen Kongresuan duen ordezkariak argi utzi du akordioa aldatu ezean, ez dutela lan erreforma babestuko. Dena den, oraindik ere, Espainiako Gobernuarekin negoziatzen jarraitzen du koalizio abertzaleak.

  • Mertxe Aizpurua, EH Bilduk Madrilgo Diputatuen Kongresuan duen ordezkaria. Artxiboko argazkia

    Mertxe Aizpurua, EH Bilduk Madrilgo Diputatuen Kongresuan duen ordezkaria. Artxiboko argazkia

EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen eledun Mertxe Aizpuruak esan du lan erreformaren akordioa aldatu ezean, ez diotela inolaz ere babesik emango, "Rajoyren erreforma babestea" litzatekeelako.

Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egin dioten elkarrizketan, Aizpuruak nabarmendu du etengabe ari direla Espainiako Gobernuarekin hitz egiten, zehazki Lan Ministerioarekin, baina oraingoz PSOEk eta Podemosek ez dutela jarrera aldatu.

"Guk oso jarrera argia izan dugu eztabaida hasi genuenetik: edo akordioa aldatzen dute edo ez dugu horren alde egingo", adierazi du.

"Egin diguten proposamenak ez du ezertan aldatzen Gobernuaren, patronalaren eta CC.OO. eta UGT sindikatuen artean adostutakoa. Indarrean dagoen lan erreforma ez indargabetzeko akordioa da. Gure proposamenak, aldiz, zentzudunak dira", zehaztu du.

EH Bilduko bozeramaileak garbi du akordioaren osteko balizko lege proiektuek ez dutela ezer aldatuko, "horrekin ez dituztelako langileak babestuko". "Gaur egungo eta ondorengo belaunaldiei eragingo dien kontu bati buruz ari gara. Neurriak akordioaren ostean badatoz, hainbat gaitan lan erreforma gailenduko da beti. Ezin digu horrek baldintzatu", azpimarratu du.

Azkenik, harrituta agertu da PSOEren eta Podemosen jarrerarekin. "Duela hilabete batzuk lan erreforma indargabetu nahi zuten, eta orain ez. Zer aldatu da?", galdetu du. Horren aurrean, nabarmendu du lan erreformaren garaipena patronalarena eta eskuineko alderdiena dela.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena