Politika -
Zatiketa Aralarren
Maeztu: 'Konfiantzak porrot egin du, baina egoera bideratuko dugu'
Eperik jarri gabe, hiru legebiltzarkideek euren karguak alderdiaren esku utziko dituztela uste du Dani Maeztuk.
Erredakzioa
Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileordeak adierazi du Aralarreko zuzendaritzak ez duela epe jakinik jarri Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe legebiltzarkideek haien karguak alderdiaren esku jarri ditzaten. Orduan, "egoera nola kudeatu" aztertzeko elkarrizketak hasiko dituztela esan du Maeztuk.
Radio Euskadiko solasaldi politikoan, erantsi du ez direla Aralarreko legebiltzarkide taldea desegiteko tenorean jarri, eta auzia berbideratzeko itxaropena dutela. Legebiltzarkideen aktak pertsonalak direla berretsi du, baina hauek, "proiektu politiko baten baitan aurkezten" direla gogoratu du, "kasu honetan, Aralarren baitan, eta alderdiak kudeatu behar ditu interes poliitkoak".
"Ez dago eperik, uste dugu ez dela beharrezkoa izango, eperik jarri gabe erantzun bat izango dugula uste baitugu", adierazi du.
Honen harira, "konfiantzak porrot egin du, horregatik karguak alderdiaren esku jartzeko eskatu zaie", gogoratu du.
Hiru legebiltzarkideak talde mixtora pasatzeko aukeraren inguruan, behin karguak alderdiaren esku uzterakoan, "egoera nola kudeatu" aztertuko dutela adierazi du.
"Ez naiz egoera horretan jarriko. Konfiantzak porrot egin du, baina egoera bere onera bueltatuko dela uste dut".