Politika -
Espetxe politika
ETAko beste zazpi preso gerturatu dituzte EAEko kartzeletara
96 dira jada Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetara hurbildutako presoak, Terrorismoaren Biktimen Elkartearen arabera. Ohar batean salatu du gerturatutako zapzi presoetako lauk "odol delituak" dituztela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espetxeetako Zuzendaritzak eta Justizia Sailak adostu dute ETAko zazpi preso Euskal Autonomia Erkidegoko kartzeletara gerturatzea. Besteak beste, Asier Garcia Justo eta Manuel Miner hurbilduko dituzte, biak ala biak Iñaki Totorika ertzainaren hilketagatik zigortuak. Halaber, Lierni Amendariz gerturatuko dutela eman dute jakitera. 2000. urtean Ernest Lluch buruzagi sozialistaren aurkako atentatuan parte hartzeagatik zigortu zuten Armendariz.
Zazpi lekualdatze horiekin, 96 dira jada EAEko espetxeetara gerturatutako presoak, Terrorismoaren Biktimen Elkartearen arabera. Ohar batean salatu du gerturatutako zazpi presoetako lauk "odol delituak" dituztela.
Horietako bat da Lierni Armendariz, 2001eko urtarrilean zigortua. Bartzelona komandoko kide zenari 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Ernest Lluch Osasun ministro ohiaren hilketaren arduraduna zela egotzita. 2023ko uztailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak.
EAEko eta Espainiako administrazioek erabaki dute Armendarizek Duesoko kartzela uztea, eta zigorra etxetik gertuago betetzea. Oraindik, baina, ez dute zehaztu nora eramango duten.
Manuel Miner ere Duesoko presondegitik atera da. Asier Garcia, berriz, Asturiasen zegoen preso. Esan bezala, Hernanin Iñaki Totorika ertzaina hiltzea leporatu eta 90 urtetik gorako zigorra ezarri zieten biei.
EAEra gerturatuko dituzten beste hiru presoak Iñaki Reta de Frutos, Gotzon Aranburu Sudupe eta Xabier Zabalo Beitia dira.