Politika -
Memoria historikoa
1936an hildako gudari bat exhumatu dute Begoñako hilerrian
Tomas Rubin Marinen familiak ez zekien non lurperatu zuten, eta berriki deskubritu dute Bilboko auzo horretako hilerrian zegola.
agentziak | eitb media
Tomas Rubin Marin 1936ko Espainiako Gerra Zibilean hildako gudaria desobiratu dute gaur Bilboko Begoña auzoko hilerrian, senideak bertan zirela. Familiartekoek berriki jakin dute non lurperatu zuten gudaria.
Gogora Institutuak eta Bilboko Udalak sustatutako Begoñako Argia proiektuaren baitan egin dute exhumazioa. Aranzadi Elkarteko arkeologia talde baten lanari esker lortu dute Begoñako hilerrian lurperatuta zegoen gudariaren arrastoak ateratzea.
Ekitaldian izan da, senideekin batera, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburua ere, eta azpimarratu du "Euskadin bizikidetza eraikitzeko memoria historikoa berreskuratu" beharra dagoela. Gainera, "Rubinen senideen poz malkoek, keinuek, hitzek eta emozioek" agerian utzi omen dute "Aranzadik, Gogorak eta Eusko Jaurlaritzak egiten duten lanak zentzua" duela.
Tomas Rubin Marin bilbotarra arotza zen, ezkondua eta hiru-seme alaben aita. 33 urte zituela 6ANV-1 Olabarri batailoian sartu zen, eta borrokan zauritu ostean, 1936ko abenduaren 3an hil zen Amorebieta-Etxanoko ospitale militarrean.
Hiru hilabetera emaztea hil zen, 30 urte zituela, bihotzekoak jota. Hiru seme-alabak umezurtz geratu ziren. Gaur hiruetan gazteena bertaratu da ekitaldian.
Familiak ez zekien non lurperatu zuten gudaria, eta azkenean biloba bat izan da gorpua Begoñako hilerrira eraman zutela jakin zuena. Hala ere, duela hilabete gutxi arte ez zekiten non lurperatu zuten zehazki.
Begoñako Argia proiektuak jasotzen duenez, 1936tik 1945ra 60 pertsona lurperatu zituzten hilerri horretan, tartean gudariak eta milizianoak, baina baita bonbardaketetan hildako zibilak ere, 1937ko apirilaren 18an Cotorruelo lantegi-babestokiaren aurkako bonbardaketan hildakoak, besteak beste.
2006an itxi zuten Bilboko auzo horretako hilerria, eta 1813tik 2003ra egon zen martxan. Memoria historikoari dagokion garrantzia ez ezik, hilerrietako arkitekturari lotuta ere interes handikotzat jotzen da.