Politika -

Elkarrizketa

Arkaitz Rodriguez: "Ez da aurrekari ona Sanchezen Gobernuak eskuinaren babesa bilatu izana"

Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketan, Sortuko idazkari nagusiak azpimarratu du "gehiengoa" lan-erreforma indargabetzearen alde dagoela edo, gutxienez, atal kaltegarrienak kentzearen aldekoa dela, eta PSOEk eta Unidas Podemosek azaldu beharko dutela "zergatik ez den gauzatu".

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia Radio Euskadiko estudioan.
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia Radio Euskadiko estudioan.
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia Radio Euskadiko estudioan.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak adierazi du "berri txarra" dela Pedro Sanchezen gobernuak Ciudadanos eta UPN alderdien babesarekin onartzea lan-erreforma.

Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketan Rodriguezek esan duenez, "ez da benetako negoziaziorik izan Espainiako Gobernuarekin, eta CEOE patronalarekin soilik negoziatu dute". "Guri xantaia egin digute hauteskundeetan egindako promesari eutsi diogulako", erantsi du.

"Haiek (PSOE eta Unidas Podemos) azaldu beharko dute zergatik ez den indargabetu lan-erreforma, edo, gutxienez, zergatik ez diren atal kaltegarrienak baliogabetu, gehiengo politikoak, sindikalak eta sozialak hori eskatzen bazuen", azpimarratu du.

Testuinguru horretan, Rodriguezek adierazi du Espainiako Gobernuak erabaki egin beharko duela etorkizunean noren babesa izan nahi duen: inbestidurako blokearena edo eskuinarena. "Eskuinaren aldeko hautua egiten badu, albiste txarra izango da gehiengo sozialarentzat", iritzi dio.  

"Gaurkoa ez da aurrekari ona. Berri txarra da langileriarentzat eta gehiengo sozialarentzat", ohartarazi du.

Bestalde, EH Bilduk eta EAJk erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzeko bat egin ote dezaketen galdetuta, Rodriguezek gogoratu du koalizio subiranistak eta alderdi jeltzaleak "erabakitzeko eskubidea aitortuko duen estatu politiko berri baterako oinarriak" adostu zituztela, baina EAJk uko egin ziola sinatutakoari, "PSE-EEri betorako eskubidea emanda".

"Legebiltzarrean gehiengo zabala erabakitzeko eskubidearen alde dago, baina EAJk erabaki zuen erabakitzeko eskubideari buruzko akordiotik ateratzea, eta, beraz, EAJk azaldu beharko du zein den bere proposamena estatus politiko berri baterako", esan du.

"Guk argi daukagu estatus politiko berriak euskal nazioa aitortu behar duela, erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzea ahalbidetu behar duela eta autogobernua blindatu behar duela, gobernu ezberdinek eta Auzitegi Konstituzionalak egin ditzaketen erasoetatik babesteko", erantsi du.

Sorturen estrategia berriari dagokionez, Rodriguezek esan du "eraginkorragoak" izatea bilatu nahi dutela "euskal errepublika independentea, sozialista eta feminista lortzeko".

Horrela, bada, Sortuk "sektore gehiagotara" zabaldu nahi ditu EH Bildu eta EH Bai, "oinarriak handitzeko eta erakundeetan gobernatzeko".

EH Bildurekin "akordio handiak" egiteko koalizio subiranistak ETAren indarkeria gaitzetsi beharko duela nabarmendu zuen duela gutxi Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak.

Adierazpen horien haria, Rodriguezek esan du EH Bilduk jada "hainbat akordio" egin dituela PSE-EErekin, PSNrekin eta PSOErekin erakunde ezberdinetan, eta horrelako baldintzak jarrita ezker independentista "ahultzea" bilatzen dutela.  

"Diskurtso horrekin ezker abertzalea ahuldu nahi dute, kezka handiz ikusten dutelako ezkerreko subiranismoak inoiz baino babes gehiago duela eta inoiz baino eragin handiago duela", gaineratu du.

Ildo horretan, ezker abertzaleak azken hamarkadan emandako urratsak gogora ekarri ditu, eta azpimarratu du "bizikidetzarako eta bakerako ona" izango litzatekeela "gatazka politiko eta armatu honetan nahasita egon diren eragile politiko guztiek beren bidea egitea eta guk Aieten biktimei buruz egin genuen adierazpenaren antzekoak egitea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan Erreformaren Legea Politika Sortu Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua argazkiak Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Alderdi politikoak albisteak