Politika -

Iruñeko Udala

PSNk babestu egin du Iruñeko alkatea gaitzestea, UPNren "desleialtasuna"ren aurrean

PSNk Enrique Maya ez gaitzestea adostu zuen UPNrekin, trukean lan erreformaren alde bozkatzeko. Azkenean, baina, UPNko bi diputatuek hautsi egin dute alderdiaren agindua, eta aurkako botoa eman dute.

Argazkia: EITB Media
Argazkia: EITB Media
PSN, UPNrekin oso haserre, hitza jateagatik

1:11

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSNk Enrique Maya Iruñeko alkatearen gaitzespena onartu du azkenean, Diputatuen Kongresuko lan erreformaren bozketan gertatutakoaren ondoren.

EH Bildu eta Geroa Bai taldeen adierazpen-proposamenak onartu dituzte ostegun honetan udalbatzan Maya gaitzesteko, bakarrik dauden adin txikikoei buruz egindako adierazpen "xenofoboak" direla eta.

Hasieran, PSNk UPNrekin hitzartu zuen alkatearen gaitzespena ez onartzea, alderdi erregionalistak behe-ganberan lan erreformaren alde bozkatzearen trukean. Zenbait ordu igarota iritsi da ezustekoa, UPNko bi diputatuek alderdiaren diziplina hautsi baitute, ezezko botoa emanez. Horrek PSNren haserrea eragin du.

EFE agentziari egindako adierazpenetan,  Ramon Alzorriza PSNko Antolakuntza idazkariak UPNren "desleialtasuna eta ez betetzea" salatu ditu. Maite Esporrin Iruñeko Udaleko bozeramaile sozialistak, berriz, salatu du gertatutakoa "beste lezio bat" dela, "Navarra Sumaz eta, bereziki, UPNz fidatu ezin garela" egiaztatzeko.

"Biktimak izan gara, haiek izan dira traidoreak", azpimarratu du Esporrinek, eta nabarmendu du sozialistek hartutako erabakia "ezohikoa" dela, Kongresutik eskatutakoa.

Bestalde, UPNko presidenteorde ere baden Mayak jakinarazi du bi diputatuen botoak "ondorioak" izango dituela.

"Oso ondo ulertzen dut haien haserrea, eta ni ere haserre nago. Alderdiko zuzendaritzaren konpromiso politikoa lan erreforma hori babestea zen", adierazi dio PSNko bozeramaileari.

Mayaren gaitzespena

PSN eta UPN arteko polemikaren erdian, Enrique Maya alkatea gaitzesi du udalbatzak, bakarrik dauden adin txikikoak delinkuentziarekin lotu baitzituen.

Eztabaidan, Joseba Asiron EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu du beste herrialdeetako egoerak pertsona asko behartzen dituela "euren etxeak utzi eta sarritan gaizki amaitzen den abentura arriskutsua abiatzera", eta pertsona horietako asko "haurrak dira, adin txikikoak".

"Zuek 'mena' deitzen dituzuen horiek geure seme-alaben berdinak dira", baietsi du Asironek, eta eskatu du inoiz ez elikatzeko "diskurtso xenofoboak edo beldurra, mesfidantza zein gorrotoa ekar ditzaketenak".

Geroa Bai alderdiko Patxi Leuzak deitoratu du alkateak "xenofobia eta arrazakeria kanpainan" parte hartu izana, eta uste du Mayak esandakoa zuzendu behar lukeela, zuhurtziaz. Izan ere, "dianaren erdigunean ipini ditu adingabeak, eta 'mena' hitza erabilita, gainera".

Enrique Maya alkateak adierazi duenez, "nik esandakoa asmatu duzue", eta gogora ekarri du Udaltzaingoaren datuen arabera 2021ko bigarren seihilekoan indarkeriazko eta larderiazko lapurreta delituak % 33 igo zirela, 2019ko datuen aldean.

Delitu horietan, esan duenez, 57 pertsonak hartu zuten parte, horietako 17 adingabeak zirelarik. "Inplikatuen artean, 10 Espainian jaioak ziren, eta 47, atzerrikoak". Gaineratu duenez, "17 adingabeen artean, 5 bakarrik zeuden adingabeak ziren".

Maite Esporrin PSNko bozeramaileak esan du gertatutakoa "sinestezina" dela. Izan ere, "esfortzu handia" eskatu zaie aurrekontu-aldaketak babesteko, zuzenketak kenduz, eta gaitzespen proposamena ez aurkezteko, "zuek lan erreformaren alde bozkatuko baitzenuten".

Hala ere, "ez duzue hitza bete", esan du zinegotzi sozialistak, UPNko bi diputatuek ezetz bozkatu dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
lan erreforma berria Politika UPN PSN Geroa Bai Migrazioa Nafarroa Enrique Maya Arrazismoa EH Bildu Joseba Asiron Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala