Politika -
Poliziaren biktimen legea
Legebiltzarrak gaitzetsi egin ditu Polizia-abusuen biktimen legea indargabetzeko saiakerak
EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek bat egin dute lege horren izpiritua aldarrikatzeko, poliziek eta ETAren biktimek aintzatespena lortzeko egindako saiakera antzuren ostean.
Agentziak | EITB Media
Eusko Legebiltzarraren gehiengo zabal batek (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU) gaitzetsi egin du Polizia gehiegikerien biktimen legearen "izpiritua eta letra indargabetzeko edozein saiakera". Estatuko Segurtasun Indarretako agenteek eta ETAko biktimek "izaera politikoko biktima" gisa aitortzeko saiakera egin zuten, baina Balorazio Batzordeak errefusatu egin zuen.
Horren aurrean, EH Bilduren eskutik, ez legezko proposamena eztabaidatu dute Legebiltzarrean "Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko legearen" harira.
Polemika iturri izan da berriki legearen "zirrikitu batez baliatuta" hainbat polizia eta ETAren biktimak" izaera politikoko biktima" gisa aitortzeko egindako eskaera. Balorazio Batzordeak, baina, atzera bota zuen eskakizun hori, biktima horiek pairatutako indarkeria "Estatuko botere publikoek bidegabe eragindakoa" ez dela argudiatuta.
PP+Cs eta Vox bakarrik geratu dira, eta eurek bakarrik bozkatu dute gainerako taldeek onartutako erdibideko zuzenketaren kontra.
Hori horrela, Eusko Legebiltzarrak biktima guztiei dagozkien Egia, Justizia eta Erreparaziorako eskubideekiko konpromisoa berretsi du eta gaitzetsi egin ditu aipatutako lege horren "izpiritua eta letra indargabetzeko edozein saiakera". Era berean, bere aitortza eta babesa adierazi die "legitimitate osoz legea zuzendutako biktima guztiei".
Eztabaidan zehar, EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk gogorarazi dute Estatuko Segurtasun Indarrek terrorismoaren biktimen legean dutela aitortza. PP+Cs-ren iritzian, ordea, poliziek "ETAren terrorismoa eta motibazio politikoarengatik jazarpen indarkeria" pairatu zuten.