Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Ezenarro: "Zintzotasun ariketa egin eta indarkeriaren erabilera gaizki egon dela onartu behar dugu"

Gogora Institutuko zuzendariak argi utzi du asmoa bera ez dela erraza, "ez baita lehenengo saiakera". Dena den, nabarmendu du aurrerapenen batzuk izan direla, eta berriro saiatu beharra zegoela, "eskubideen urraketaren gainean gutxieneko begirada partekatu bat nahitaezkoa delako".

Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro
Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro
Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro

play icon 8:17

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro elkarrizketatu du astearte honetan Euskadi Irratiak, hiru biktimak eta beste horrenbeste historialarik prestatuko duten EAEn memoriaren gizarte-eraikuntzarako oinarri partekatuen dokumentuari buruz jarduteko. Eztabaida politikoa gainditzea eta memoriaren inguruan beste begirada bat sustatzea izango du helburu sei kidez osatutako lantalde horrek, eta horretaz aritu da solasean Gogora Institutuko zuzendaria Euskadi Irratian.

Ezenarrok onartu duenez, asmoa bera ez da erraza, eta "ez da lehenengo saiakera". Dena den, nabarmendu du aurrerapenen batzuk izan direla, eta berriro saiatu beharra zegoela, "eskubideen urraketaren gainean gutxieneko begirada partekatu bat nahitaezkoa delako".

Hartara, proposamen honekin beste bide batzuk urratu nahi dituzte. "Elkarrizketa politikoak egin zuen berea, eta, helburua bete ezinda, Gogorak hartu zuen lekukoa. Lantalde honekin lortu nahi duguna da hurrengo belaunaldiek protagonismo berezia izatea", adierazi du.

Memoria lantaldea bertan behera geratu eta hiru urtera iritsi da ekimen hau. "Erraza ez izanagatik, ez da saiakera bertan behera utzi behar. Denbora pasatu da, eta horrek lagun dezake honetan", esan du.

Hala eta guztiz ere, "zintzotasun ariketa egin behar dugu", Ezenarroren hitzetan, "iragan hurbilari begiratu, eta indarkeria erabiltzea gaizki egon dela onartuz". "Horretara iristea da xedea. Euskal gizartean, zorionez, ia erabateko adostasuna dago, eta biktima guztiek ere bat egin dute ideia horrekin, alegia, ez dute eufemismorik bilatzen gainontzekoek jasan duten indarkeria ere gaizki egon dela onartzeko orduan. GALek egin zuena gaizki egon zen, baita ETAk egin zuena ere. Horretara heldu behar gara, hori onartzera", azpimarratu du.

"Aurretik lan nekeza badute ere", alderdi politikoen artean posible izan ez zen akordioa bilatzeko ardura izango du, beraz, lantalde horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Nafarroa gaur EAE albisteak ETA Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Euskadi Irratia Gerra Zibileko biktimak Terrorismoaren Biktimak Gaur GAL Gogora albisteak