Politika -

Iñigo Cabacasen heriotza

Urizar: 'Aresek akatsa bere egiten badu, dimititu egin beharko luke'

Bestalde, Patxi Zabaletak uste du Ertzaintzarekin loturarik ez duen batzorde independente batek argitu behar dituela gertakariak.

Iñigo Cabacas gazteak Ertzaintzaren pilotakada jaso zuen tokia. EFE
Iñigo Cabacas gazteak Ertzaintzaren pilotakada jaso zuen tokia. EFE
Iñigo Cabacas gazteak Ertzaintzaren pilotakada jaso zuen tokia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Peio Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak uste du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak dimisioa aurkeztu beharko lukeela, Iñigo Cabacasen heriotza Ertzaintzak eragin ostean.

"Argi dago kaltea eginda dagoela eta ez dela ezer konponduko, baina dimisioak egindako akatsak onartzearen ondorio izaten dira", nabarmendu du Radio Euskadin egindako elkarrizketan. "Aresek bere karguaren erantzukizun guztiak bere gain hartu behar ditu", erantsi du.

Horrez gain, Herrizaingo Sailak proposatutako neurriak nahikoak ez direla iritzi dio, izan ere, "gomazko piloten erabileraren debekua ez da erabatekoa". "Europak egindako gomendioa bere osotasunean ez aplikatzea erabaki politikoa da", adierazi du.

Urizarren arabera, Aresek iragarritako neurria kontuan hartuta, "1.000 edo 2.000 ertzain baino gehiagok erabili ahal izango dituzte gomazko pilotak jaurtitzeko eskopetak".

Zabaleta: "Ikerketa batzorde independente batek egin behar du"

Bestalde, Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile nagusiak esan du ezinbestekoa dela Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko ikerketa Ertzaintzarekin loturarik ez duen "batzorde independente" batek egin behar duela. "Ertzaintzak bere izena eta irudia mantendu nahi baditu, hori da bidea", erantsi du.

Era berean, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak atzo emandako azalpenak nahikoak ez direla azpimarratu du. Nolanahi ere, positibotzat jo du azken egunetan egin dituen adierazpenak apur bat aldatu izana eta "erantzukizun politikoa" behintzat bere gain hartzea.

Ares Ertzaintzaren jarrera "justifikatzera" mugatu zela kritikatu du Amaiurrek Amaiur koalizioa osatzen duten indar politikoetako bozeramaileek agerraldia egin dute Iñigo Cabacasen heriotzaren ostean atzo Rodolfo Aresek emandako azalpenen harira eta Herrizaingo sailburuari dimititzeko eskatu diote. Koalizioa osatzen duten alderdien ustez, sailburua "ez zen gai izan" gertatutakoaren "bertsio sinesgarria" emateko, eta ez zuen iragarri "etorkizunean antzeko gertakizunak ez errepikatzea galarazteko neurririk". "Sailburua Ertzaintzaren jarrera justifikatzera mugatu zen, baina informazioa ezkutatuz eta lekukoei errespetua faltaz baino ezin izan zuen egin", gaineratu dute. Alderdiok "oso larri" ikusten dute Eusko Jaurlaritzak "aurpegia eman nahi ez izana", hasieran gertatutakoa "ezkutatzen" saiatu baitzen, eta ondoren informazioa "manipulatzen".

Bozeramaileek esan dute Aresi "dagokiona" erantzukizun "guztiak" onartzea eta dimititzea dela, Europar Batasunaren gomendioen aurka gomazko pilotak erabiltzen jarraitzea "erabaki politikoa" baita. Horrenbestez, Poliziaren azken ekintzetan nahasitako ertzainen, ertzainburuen eta arduradun politikoen artean erantzukizunak ezartzeko exijitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea