Politika -

Aldebiko bilera

"Agenda nazionalek errespetua" merezi dutela gogorarazi diote EH Bilduk eta ERCk Espainiako Gobernuari

Bi indarrek bilera egin dute Bartzelonan euren akordio estrategikoa "indartzeko". Lan erreforma "galdutako aukera bat" izan dela uste dute, baina negoziatzearen alde daudela berretsi dute.

Junqueras eta Otegi, bileran. Argazkia: @ehbildu
Junqueras eta Otegi, bileran.
Junqueras eta Otegi, bileran. Argazkia: @ehbildu

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk eta ERCk nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuak ulertu behar du "Estatuko agendaz gain, badaudela Estaturik gabeko nazioen agenda nazionalak, eta horiek errespetua eta aitortza merezi dutela", inbestiduratik bi indarrek PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuari eman dioten babesari erreferentzia eginda.

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia eta Oriol Junqueras ERCko liderra buru zirela, bi alderdietako ordezkaritzek bilera egin dute goizean Bartzelonan. "Goi mailako" batzarrean euren akordio estrategikoa berretsi eta "indartu" dute eta nazioarteko zein Espainiako egoera politikoa aztertu. Bileraren ondotik, agerraldia egin dute biek ala biek.

Otegiren esanetan, lan erreforma "galdutako aukera" izan da (EH Bilduk eta ERCk kontra bozkatu zuten), baina aurrerantzean negoziatzearen alde daude azpimarratu dute. "Konpromiso horri heltzen diogu, baina gogorarazi nahi dugu ezin zaiola aukera bati eutsi aurrera egin ezean", erantsi du.

Junquerasek iradoki duenez, "konfiantza giro bat garrantzitsua da negoziazioa eraginkorra izateko, eta konfiantzarako arrazoiak izanez gero, errazago lortzen dira akordioak". Ildo beretik mintzatu da Otegi ere. Horren aburuz, "negoziazioaren bidea beti urratu behar den bidea da, baina Espainiako Estatuak bere teilatuan du pilota, demostratu behar du politika ezberdinak egiteko gai dela".

EH Bilduren buruzagiak gogora ekarri du Espainian "gobernu aurrerakoi bat badago, Euskal Herriko zein Kataluniako gehiengo nazional independentistei esker da. Espainiako faxismoa geldiarazteko ezker abertzale eta independentistak behar dira". 

Ukrainaren erasoa gaitzetsi dute

Nazioartea hizpide, Arnaldo Otegik Errusiaren erasoa gaitzetsi du. Gogorarazi duenez, "Gernikako semeak gara gu, arazo politikoak politikoki konpontzen direla uste dugu. Bide diplomatiko, baketsu eta demokratikoak behar dira nazioartean zein Estatuan dauden arazoak konpontzeko. Era berean, bakearekiko eta herrien autodeterminazio eskubidearekiko gure konpromiso sendoa adierazi nahi dut".

Oriol Junquesaren ahotan, Ukrainan, Katalunian bezala, bere burua inposatu nahi duen Estatu baten kanpo eraso bat izan da. Nabarmendu duenez, Putinen "autoritarismo eta ustelkeriaren" antzeko jarrera topa daiteke Espainiako alderdi batzuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Diputatuen Kongresua Katalunia Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC