Itxi

Politika

biktimak

Zabalzari biktima izaera aitortzeko eskatu dio Ortuzarrek Espainiako Estatuari

agentziak | eitb media

Eusko Jaurlaritzak, polizia abusuen Legea oinarri hartuta, Zabalza biktima gisa aitortu ostean, Estatuak gauza bera egitea espero du EAJko liderrak.

  • Andoni Ortuzar, EAJko burua. Artxiboko argazkia: EFE

    Andoni Ortuzar, EAJko burua. Artxiboko argazkia: EFE

Andoni Ortuzar EAJko EBBko buruak Espainiako Estatuari eskatu dio Mikel Zabalzari biktima izaera aitortzeko eta "bidegabekeria handi" hori erreparatzeko. Guardia Zibilak atxilotu zuen 1985ean, eta bederatzi egun desagertuta egon ostean, hilik agertu zen Bidasoa ibaian.

Bilbon egin ditu Ortuzarrek adierazpenok, kazetarien aurrean, Eusko Jaurlaritzak Zabalza "motibazio politikoko" giza-eskubideen urraketaren biktima gisa aitortu ostean, polizia abusuen Lege deritzona oinarri hartuta. Balorazio Batzordeak aho batez zehaztu zuen "heriotza bidegabea" izan zela, "tortura larriak eta tratu gizagabeak eta iraingarriak" aurrekari izan zituena.

EAJko liderrak azpimarratu duenez, Estatuak ere aitortu beharko lioke biktima izaera Mikel Zabalzari, eta gogorarazi du haren atxiloketaren eta gorpuaren agerpenaren nondik norakoak "izugarriak" izan zirela.

Andoni Ortuzar kazetaria da, eta gogoratu du garai hartan kasu "lazgarri" horren berri eman behar izatearen "zorigaitza" bizi izan zuela. Horretarako, biktimaren amarekin izan zen familiaren baserrian.

Hori dela eta, uste du polizia abusuen biktima gisa Eusko Jaurlaritzaren aitortzarekin "zor zaiona eman" zaiola. "Espero dut Estatuak ere bidegabekeria handi hori erreparatzea", nabarmendu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena