Politika -

Eusko Alkartasuna

Auzitegi batek primarioak errepikatzeko agindu dio EAko zuzendaritzari

Maiorga Ramirez Nafarroako parlamentariak esan duenez, erabaki judizial honen ostean, bere burua aurkeztu ahalko luke, kanporaketa bertan behera geratuko litzatekeela ulertuta.

Maiorga Ramirez. Artxiboko irudia: EFE
Maiorga Ramirez.
Maiorga Ramirez. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko epaitegi batek Eusko Alkartasunako zuzendaritzari agindu dio 15 eguneko epean primarioak errepika ditzala. Horietan, Eba Blanco idazkari nagusi aukeratu zuten, Maiorga Ramirez kritikoaren hautagaitza ezeztatuta. Ramirez alderditik kanporatu zuten.

Erabakiari helegitea jarri ahal zaio, bost eguneko epean, baina epaileak zehaztu du ezingo litzatekeela primarioak errepikatzeko agindua bertan behera utzi.

Maiorga Ramirez Nafarroako parlamentariaren ustez, erabaki judizial honen ostean, bere burua aurkeztu ahalko luke, kanporaketa eta azken Kongresuan hartutako beste erabaki guztiak bertan behera geratuko liratekeela ulertuta. Horietan primarioak estatutuetatik kanpo geratu ziren.

Primarioetara "aurkezteko legitimitate eta eskubide guztia daukat", esan du Ramirezek. Esan duenez, hori izan daiteke EAren barne gatazkaren "amaieraren hasiera".

Bere ustez, Eba Blanco "atzera egin" eta beste primarioak deitu beharko lituzke, hauteskunde-erroldaren "irregulartasunak" berrikusteko, alderdiko egoitzetan hautestontziak jartzeko, hautagaitza guztietako kontu-hartzaileak izendatzeko eta EAko afiliatuek zuzendaritza hautatzeko.

Ramirezek erabaki horren "biribiltasuna eta sakontasuna" azpimarratu ditu, eta esan du Eba Blancok ezin duela primarioak errepikatzeko agindua betetzea ala ez betetzea erabaki.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Epaiketak albisteak EA Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Albisteak