Politika -

Elkarrizketa ''Navarra Hoy''-n

Hilabete honetan bertan barnealdeetan ere musukoa kendu ahal izatea espero du Chivitek

Bestalde, Chivitek uste duenez, koalizio gobernuak "geratzeko etorri dira Nafarroara zein Espainiako Estatura". Gainera, EH Bildu Foru Gobernuan sartzea ez du aurreikusten; "PSNko idazkari nagusi gisa hitz egiten dut", zehaztu duenez.

Maria Chivite Nafarroako presidentea. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Maria Chivite Nafarroako presidentea. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Maria Chivite Nafarroako presidentea. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Martxoko lehen hamabostaldian, bilakaera epidemiologiko positiboa ikusita, musukoak kendu ahal izatea espero eta nahi dut", adierazi du Maria Chivite Nafarroako presidenteak "Navarra Hoy" ETB2ko saioan.

Koronabirus pandemia urteen balorazio bat egin du Nafarroako buruzagiak: "bi urte oso gogor izan dira, esperientzia gogorrekin, baina oso positiboekin ere". "Sufrimendu handia izan da pandemian", erantsi du.

Gainera, herritarrek emandako erantzunari garrantzia eman dio Nafarroako agintariak, "oso-oso arduratsuak" izan direlako. Hala ere, covid-19 pandemiaren bilakaeran txertoa "inflexio-puntua" izan dela gogorarazi du.

Bestalde, Chivitek uste duenez, koalizio gobernuak "geratzeko etorri dira Nafarroara zein Espainiako Estatura". "Barne tirabirak beti daude", onartu du, baina kolore politiko bakarreko exekutiboetan ere gertatzen direla gaineratu du.

Nafarroako presidentearen hitzetan, koalizio Gobernua "hasieran baino askoz indartsuago dago". "Hasiera batean, ez genuen elkar ezagutzen", gogorarazi du. Guzti horregatik, bere Exekutiboari nota jarri dio: 8.

"Barne tirabirak beti daude"

Hala ere, pandemia Gobernu programa betetzea "oztopatzen" ari dela onartu du, baina legealdiaren erdian % 60a burutu dutela azpimarratu du. Agintaldiaren amaieran % 90a aurrera eramatea espero du.

EH Bildu Foru Gobernuan sartzea ez du aurreikusten; "PSNko idazkari nagusi gisa hitz egiten dut", zehaztu duenez. Bestalde, "UPN ukapen politika egiten ari da", kritikatu du.

Horregatik, "indar politiko guztiekin hitz egiten jarraituko dugu, geometria aldakorrak funtzionatzen duelako", berretsi du.

UPNren barne krisiari dagokionez, "barne borrokak ez dira mesedegarriak alderdientzako, pertsonalki ere eragiten dutelako, eta alderdi guztiei kalte egiten digute, irudi oso eskasa ematen ari dira", esan du.

Chiviteren ahotan, Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatu erregionalistek "desleialtasunez jokatu" dute. "Ikuskizuna eman dute", salatu du.

Espainiako ultraeskuinari dagokionez, Voxek Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza lortzea "desiragarria ez" litzatekeela nabarmendu du buruzagiak.

"Errealitate soziolinguistikoari men egiten diot"

Azkenik, euskara dekretu berriaren inguruan izandako desadostasunak hizpide izan ditu Chivitek. Foru presidentea polemikari garrantzia kentzen saiatu da: "dekretuaren % 95ean akordioa dago, eta desadostasun txiki bat gainerako % 5ean".

Agintariaren esanetan, "euskara ikasi nahi duen mundu guztiak horretarako eskubidea eta baliabideak izango ditu, baita eremu euskaldunetik kanpo ere". Hala ere, sektore batzuen haserrea ulertzen duela azaldu du Chivitek: "Nik uler dezaket".

"Errealitate soziolinguistikoari men egiten diot. Gobernuak borondatearen aldeko apustua egiten du, ez derrigortasunaren alde", errepikatu du. "Eremu ez euskalduneko zein udalerrik eskatu du eremu mistora igarotzea? Bat bera ere", gogorarazi du.

"Inposaketarekin euskararekiko gorrotoa areagotu dezakegu; manipulaziotik atera behar dugu", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika UPN PSN Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Vox María Chivite Koronabirusa Maskarak covid-19