Politika -
Biktimak
Biktimen Kontseiluak uste du "komenigarria" dela legea errealitate berrira egokitzea
Kontseiluko presidenteak Eusko Legebiltzarreko presidenteari eman dion dokumentu batek onarpenean eta erreparazioan eman beharreko pausak jasotzen ditu, baita oraingo legedia erreformatzeko helburua ere.
Agentziak | EITB Media
Jose Luis de la Cuesta Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko presidenteak Eusko Legebiltzarreko presidenteari eta talde politikoei esan die "komeni" dela terrorismoaren biktimen euskal legea aldatzea, "errealitate berrira eta nazioarteko terrorismoaren forma berrietara egokitzeko".
Bakartxo Tejeriak hartu du De la Cuesta, ostiralean Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna izango dela baliatuta. Kontseiluan zenbait unibertsitate, biktimen elkarte eta erakunde daude ordezkatuta.
Tejeriari emandako dokumentuak onarpenean eta erreparazioan eman beharreko urratsak jasotzen ditu, baita oraingo terrorismoaren biktimen inguruko legedia erreformatzeko helburua ere.
De la Cuestak azaldu duenez, testuak terrorismoaren biktimetan jartzen du "fokua". Indarkeriak -ETArena, GALena, BBErena zein beste taldeena- "sufrimendu larriak" eragin zituen, eta "inoiz gertatu behar izan ez ziren eta erabateko gaitzespena merezi duten gertakariak" eragin zituen.
Giza eskubideen urraketa batzuei "garrantzia kentzeko edo justifikatzeko" helburuarekin beste giza eskubideen urraketa batzuen "instrumentalizazio" saioez ohartarazi du, eta hori "justifikaezina" da.
Txostenean erreparazio formak proposatzen dira, biktimek Hezkuntzari egin diezaioketen ekarpena jasotzen da, iraganari buruzko "gogoeta kritikoen" norbanako edo taldeko prozesuak aipatzen dira eta "indarkeria oro bidegabea zela" onartzeko neurriak jasotzen dira.