Politika -
Ukrainako gerra
Eusko Legebiltzarrean gerrari buruzko batzordea sortzea proposatu du EH Bilduk
Koalizio subiranistak uste du gerraren ondorio humanitario eta sozioekonomikoei herri bezala erantzutea ezinbestekoa dela. Ez-legezko proposamena datorren astean eztabaidatuko dute.
Agentziak | EITB Media
Ukrainako gerraren aurrean "herri bezala" hartu beharreko neurriak adosteko azterketa batzordea sortzea proposatu du EH Bilduk.
Koalizio subiranistak ez-legezko proposamena aurkeztu du ganberan, eta urgentziaz, datorren astean eztabaidatuko dute. Batzordeak gatazkaren informazioa jaso eta partekatu eta ondorioei erantzuteko neurriak adosteko ardura edukiko luke.
Legebiltzarreko araudiaren arabera, tankera honetako batzordeetan Lehendakaritzak modu iraunkorrean parte hartzen du, eta adituak aholkulari gisa aritzea bide ematen da.
EH Bilduk eskaera egiteko justifikazioan dionez, "Europak eta munduak bizi duten ordu larri honetan inoiz baino garrantzitsuagoa da giza eskubideen aldeko lan etengabean sakontzea".
Koalizioaren ahotan, Errusiaren erasoak "ezohizko dimentsio eta larritasun krisia eragin du mundu osoan zehar", baita Euskadin ere. Neurriak eta erabakiak hartu beharko direla uste du EH Bilduk: "Alde anitzetara begiratuz kudeatu beharreko garaiak izango dira: alde batetik, gerraren ondorio humanitarioak, eta bestetik, ondorio sozioekonomikoak arintzeko premiazko neurriak hartu beharko dira".
"Ondorio ekonomiko eta sozialak izango dira familietan, enpresa sarean eta gainerakoetan", erantsi dute. EAEk "eskumen propioak eta autonomia mugatu" duen aldetik, erabaki beharko da "errealitatea horri guztiari nola aurre" dion, betiere EH Bilduren hitzetan.
Koalizioak uste du egoera horrek erakunde eta agintarien arteko elkarrizketa eta "herrialdeko eragile politiko, sindikal, ekonomiko eta sozialen arteko elkarlana" eskatzen dituela, "elkarrekin eta modu partekatuan aritzeko".