Politika -
Kontrol-saioa
Patxi Lopez: 'Espero dut Lantaldea bide luze baten hasiera izatea'
Gainera, adierazi duenez, ez du utziko "PPren immobilismoak eta Batasunaren ingurukoen presek" prozeua baldintzatzea, nahiz eta onartu ez dela dena konponduko duen "hagaxka magikoa" izango.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak gaur, ostirala, esan duenez, ez du utziko "PPren immobilismoak eta Batasunaren ingurukoen presek" prozesua baldintzatzea eta nabarmendu du Bakearen eta Elkarbizitzaren Lantaldea ez dela dena konponduko duen "hagaxka magikoa" izango, nahiz eta uste duen "bide onetik" doala eta "batera egingo den bide luze" baten hasiera dela.
Patxi Lopezek Legebiltzarrean Jaurlaritzari egindako kontrol-saioan egin ditu adierazpenok, Juanjo Agirrezabala EAren bozeramailearen galdera bati erantzuna emanez. Agirrezabalak "alderdi eta eragile guztien arteko" elkarrizketa mahai bat osatzea eskatu du, "bakea eta elkarbizitza behin betiko" eraikitzeko.
EAren bozeramaileak lidergoa erakusteko eskatu dio lehendakariari, bere karguan egonda, ezin duelako "lidergoa" beste erakunde bati utzi, esaterako Legebiltzarrari, "are gutxiago alderdi bat falta denean". "Lehendakariari erantzukizun hori bere gain hartzea eta neurria ematea, elkarrizketa politikoa ahalbidetuz, eskatzen diot".
Patxi Lopezek Agirrezabalari esan dionez, "batzuek Batasunaren siglen baitan desegitea aukeratu badute, ezin dute espero euskal gizarte osoak berdina egitea", "herrialde honetan ideia politikoak ezartzen ziren garaia bukatu zen, bereziki urriaren 20an".
Lehendakariaren esanetan, "garrantzi handiko" akordio bat da, "oinarrian duen adostasun zabalagatik, Legebiltzarreko alderdi gehienak ados jarri baitira". Urte asko igaro dira Legebiltzarrean hau bezalako akordio zabal eta garrantzitsua lortzen ez zela".