Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Amaia Martinez (Vox): "Konstituzionalak Legebiltzarreko Mahaia seinalatu du eta berehala desegin behar da"

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak Voxen parte-hartze eskubideak urratu dituela ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak, eta Amaia Martinez legebiltzarkideak aurreratu du mahaikideen inhabilitazioa eskatzea aztertzen ari direla.

Amaia Martinez (Vox). EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Amaia Martinez (Vox)
Amaia Martinez (Vox). EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak ebatzi ostean Eusko Legebiltzarreko Mahaiak Voxen parte-hartze eskubideak urratu dituela, Amaia Martinez alderdi horretako legebiltzarkide bakarrak Mahaiaren desegitea eskatu du. "Eusko Legebiltzarreko Mahaiak erabateko partzialtasuna erakutsi du, Auzitegi Konstituzionalak seinalatu egin du" eta horregatik berehala desegin egin beharko litzatekeela uste du. Halaber aurreratu du aztertzen ari direla mahaikideen inhabilitazioa eskatzea.

Gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egindako prentsaurrekoan, Martinezek esan du "justizia" egin dela eta nahitaez bete beharreko epaia izanda, Mahaiak ez duela "men egin" beste aukerarik. Hala ere, Ganbarako organo horretan ordezkatuta dauden alderdi politikoak "berriro ere legea urratzeko amarruak prestatzen" ari direla salatu du.

Ganberako araudia aldatu nahi izatea aurpegiratu dio Martinezek Mahaiari, "legearen kontrakoa denari legezkotasuna emateko". Hori eginez gero, berriro ere Auzitegi Konstituzionalera joko dutela iragarri du. Bide penalak abiatzearekin ere mehatxu egin du.

Voxen inguruko "osasun hesia" alderdien aginte organoetan erabaki zela nabarmendu du, hau da, Eusko Legebiltzarretik kanpo. Halaber, adierazi du gaia eramango dutela biharko osoko bilkurara eta lehendakariari bere iritzia galdetuko diotela.

Amaia Martinezek onartu du epaiak ez dakarrela zigorrik. Dena dela, horren iritziz, "erantzukizun politikoak" eska daitezke. Gauzak horrela, aurreratu du Vox aztertzen ari dela Auzitegi Konstituzionalera jotzea Eusko Legebiltzarreko Mahaia osatzen duten kideen gaitasungabetzea eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Vox Amaia Martinez gaur