Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Gorrotxategi: "Nire sen politikoaren arabera, hezkuntzaren alorrean akordioa egongo da"

Elkarrekin Podemos-IU taldeko bozeramaileak azpimarratu duenez, oraindik badira "findu eta hobetu beharreko puntuak" EAJrekin eta PSE-EErekin egindako aurreakordioan. EH Bildu ere itunera bil daiteke.

Gorrotxategi, gaurko elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Gorrotxategi, gaurko elkarrizketaren une batean.
Gorrotxategi, gaurko elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen ustez, litekeena da Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek (EAJ, PSE-EE, koalizioa bera eta EH Bildu) akordioa lortzea etorkizuneko Hezkuntza Legearen zirriborroaren inguruan. "Nire sen politikoaren arabera, akordioa egongo da", aitortu du. Legebiltzarreko taldeek arratsaldean bozkatuko dituzte testuari egindako zuzenketak.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, koalizio morearen eledunak esan du atzo gauean "berandura arte" egon zirela agiriaren hainbat arlo adostu nahian. Argitu duenez, asteazkenean Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiekin erdietsitako aurreakordioa ixteko pausoak eman dituzte: "Asteazkenetik hona beste gai batzuk ere sartu ditugu, baina badira oraindik findu eta hobetu beharreko puntuak. Elementu horiei guztiei forma koherentea eman behar zaie. Zintzilik geratzen diren gaiak ez dira hain nabarmenak, baina txikikeriak ere ez dira".

Ituna lortzeko zailtasun handienez galdetuta erantzun duenez, "puntu asko" izan dira "eztabaidagai", eta "eztabaida sutsuak" egon direla erantsi du; euskararen gaia ez da "desadostasunaren iturri nagusia" izan, argitu du. Elkarrekin Podemos-IUrentzat, bi izan dira gakoak: gaur egungo sistemak duen "arazo larria", segregazioa, konpontzea eta euskal eskola publikoaren papera indartzea, "hori delako denona, guztiok hartzen gaituena". Halaber, iragarri du "kontzertazio unibertsala jada ez dela posible izango".

"Zuhur" agertu bada ere, lau taldeek hezkuntzaren alorreko akordioan egon nahi dutela adierazi du, "herri akordioa" beharrezkoa dela uste baitute. Gorrotxategiren esanetan, "nire sen politikoaren arabera, hezkuntzaren alorrean akordioa egongo da; agian gogoa da intuizioa baino gehiago, hainbeste lan egin ondoren, eta batez ere erantzukizun sentsazioagatik ere. Nik espero dut akordio hori posible izatea".

Hezkuntzako gehiengo sindikalak martxoaren 25erako deitu duen grebaren harian, Gorrotxategik esan du espero duela lantaldearen behin betiko testuan sartuko dituzten aldaketekin "sindikatuak asebete geratzea" eta "euren mobilizazioak egitera behartuta ez egotea". Dena dela, "ekintza sindikalari erabateko errespetua" agertu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hezkuntza Miren Gorrotxategi